28 MAY. 2019 Mari Errauskin Joxemari Carrere Ipuin kontalaria Faxismoak ahoa zikina du eta inteligentzia zabortua. Ezjakintasunaren bultzatzaile eta umilkeriaren aldarrikatzaile. Faxismoa bota militar handi bat da, egun larruzko zapata dirdiratsuekin mozorrotua. Faxismoaren hitzak simaurrez eginak dira, jendarte ilun, atzeratu eta zamatsua elika dadin. Eta Jorge Buixaderen ezpainak (edo ‘Espainiak’ esan beharko dugu?) gorotzez eginak dira. Vox alderdiko partaide honek, “Mari Errauskin” ipuina aitzakia hartuz, feministak iraintzeak eta neskatxak printzesak ezin direla izan esateak ez du zerikusirik ipuinarekin. Bere irainak faxismoarenak dira. Patriarkatuarenak. Bere simaur hitzek Mari Errauskin guztiak iraintzen dituzte. Erresidentzietako grebalariak, hoteletan esplotatzen dituzten “kellyak”, zaintza lanetan dauden emakumeak, umiliatuak direnak, bortxatuak, jazarriak… printzesak izatearekin baino, emakume langile duinak izatearekin amestu, eta horren alde borrokatzen direnak; Buixade eta antzekoen itzala eta oroimena erratzarekin desagerraraziko duten marierruskinak; haizearen askatasunean, sorginek hegan egiteko erabiltzen omen dituzten erratz berberekin. Buixade faxista bat da. Faxista hitz larriz. Faxista goitik behera. Faxista besoa luzatzean eta patrikan gordetzean. Matxista da. Goitik behera, apoak eta arantzak ahotik jaurtiz. Munduan diren marierrauskin guztien etsai deklaratua. Zenbat dira, ordea, horren aho berorik gabe, hitz leun eta dotorez emakumeak sutondoko errautsetara igortzen dituztenak? Ipuin baten amaiera ere merezi ez duen jendea. Vox-eko Jorge Buixadek “Mari Errauskin” ipuina aitzakia hartuz, feministak iraintzeak eta neskatxak printzesak ezin direla izan esateak ez du zerikusirik ipuinarekin. Bere irainak faxismoarenak dira. Patriarkatuarenak.