GARA Euskal Herriko egunkaria
KAYAK SURFA

Selekzioa prest da Peruko Munduko Txapelketarako

Hamabost kirolarik osatutako ordezkaritza ofizialakbihar ekingo dio bidaia luzeari. Lehiaketa uztailaren19tik 26ra jokatuko da El Elio hondartzan. Hannegua da eta olatu ederrak espero dituzte.


Kayak surfeko euskal selekzioa prest da datorren astean Perun jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko. Lehiaketa Trujillo (Peru) hiritik gertu dagoen El Elio hondartzan jokatuko da uztailaren 19tik 26ra, eta euskal kirolariek bihar bidaiatuko dutenez, taldearen aurkezpena atzo egin zuten Bilbon.

Parte hartuko duten kirolariak hauexek dira: Ainhoa Tolosa, Olatz Garmendia, Irati Bordagarai, Andrea Garcia, Xabi Olano, Odei Etxeberria, Hodei Crujeiras, Gorka Martin, Oskar Martinez, Edu Etxeberria, Luis Abando, Ruben del Rio, Txema Carreto, Peru Barandiaran eta Iñaki Urbe.

Edu Etxeberria eta Oskar Martinez hautatzaileak ere badira, eta Etxeberriak adierazi zuenez, «lehia gehien taldekako probetan egongo da», bereziki Irlanda eta Ingalaterraren aurka. Irlanda «talde gogorra» dela gogoratu zuen, are gehiago Ipar Irlandako kirolariak ere selekzio berean lehiatzen direla kontuan izanda. Ingelesen inguruan, nabarmendu zuen euskal selekzioari diotela «amorru gehien» eta markaketa berezia egiten dietela euskaldunei. Irlanda eta Ingalaterrarekin batera, AEBek, Argentinak, Eskoziak eta Jerseyk ereparte hartuko dute.

Banakako modalitatean, aldiz, lehia irekiagoa izango da, eta euskal selekzioko entrenatzaileak esan zuenez, «edozein txandatan akatsen bat eginda kanpoan gelditu gaitezke». Horren jakitun, euskal selekzioak aurrez bidali ditu Perurantz taldeko hiru kirolari hondartza zer egoeratan dagoen jakiteko: «Orain negua da, eta esan digutenez izango ditugun olatuak tamaina egokienak izango dira, bi metro eta erdi ingurukoak».

Aurkezpen ekitaldian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere egon zen, eta, kayak surfeko selekzioak lortutako emaitzak nabarmendu zituen.