GARA Euskal Herriko egunkaria

Matrikulazio epea zabalik dago jada AEK-ko ehun euskaltegi eta gehiagotan

Ikasturte berria aurkeztearekin batera, «Zu hemen zaude, AEK ere bai» lelopean martxan jarri duten matrikulazio kanpainaren berri eman du AEK-k Gasteizen. Euskaltegien sare handia eta eskariari erantzuten dion eskaintza zabala azpimarratu dituzte.


Mertxe Mugika AEK-ko orain arteko koordinatzaile nagusiak eta Alizia Iribarren koordinatzaile nagusi berriak egin zuten atzo ikasturte berriaren aurkezpena, Artezkaritza Kontseiluko kideekin batera. «Zu hemen zaude, AEK ere bai» da aurtengo matrikulazio kanpainarako aukeratu duten leloa.

Gasteizen egin zuten aurkezpena, «ikasturte honen xede nagusietako bat» Arabako hiriburuan Lakuabizkarrako, Aranako eta Judimendiko matrikulazioa handitzea baita. Horrekin batera, hiri horretako kaleetan amaiera hunkigarria izan zuen 21. Korrikaren hauspoak ere matrikulazioa handitzen lagunduko duelakoan daude AEK-ko arduradunak.

Sare zabala

«Euskara ikasi eta landu nahi baduzu, edonon zaudela, bertatik bertara duzu AEK-ko euskaltegi bat», adierazi zuten, sareak 100 euskaltegi baino gehiago eskaintzen dituela nabarmenduz.

Ohiko euskara eskolekin batera, autoikaskuntza, online ikastaroak, barnetegiak, mintzapraktika taldeak eta jarduerak, normalizazio planak edota itzulpen-zuzenketa zerbitzua aipatu dituzte AEK-k duen eskaintza askotarikoaren barruan.

Gogorara ekarri zuten, bestalde, erakundeek (tartean udalek, aldundiek, mankomunitateek...) eskaintzen dituzten dirulaguntzei buruzko informazio guztia ematen dutela euskaltegiek. Hilaren 17an, gainera, ate irekien eguna antolatu dute, eta bertan eskolak doan eskainiko dituzte behe mailetan 70 bat herritan.