09 SET. 2019 «Bi anai» Jon GARMENDIA Idazlea Kortatuk gitarra eta baxua astintzen zituen garai bertsuan argitaratu zen Bernardo Atxagak idatzitako “Bi anai” eleberria lehen aldiz, non animalia desberdinen ahotik bi anaien historia kontatzen zitzaigun. Jakin-minez betetako nerabea nintzen orduan, euskal kulturarekin zerikusia zuen guztiaren goseti amorratua. Filma ere egin zuten berantago, baina eleberria burura etortzen zaidan bakoitzean bi anaiak trenbidean ikusten ditut, tunelaren aitzinean elkarri eskua emanda, eta beti imajinatzen dut trenak harrapatu aurreko momentuetan haien bizitza begiekin kontatzen diotela elkarri. “Bi anai” eleberria etorri zitzaidan gogora Felix Iñurrategi Pakistaneko Gasherbrum mendian hil zenean, eta nahigabe, pentsamendua Albertorekin izan nuen. Badakit Iñigo Iñigo zela, berezia eta bakarra, badakit ere anaia zaharra Jabier dela, baina Muguruzatarrak enetzat bi anaia izan dira betidanik, hari ikusezin batekin lotuak eta bereizezinak, miragarriak biak, konplizitatez josiak, melodia bakarrean taupa egiten duten bi bihotz handi, horregatik Iñigoren heriotza jakin bezain laster gogoa Ferminengana joan zitzaidan. Biak miretsiz hazia naiz, biak maitatuz, bakoitza berean, baina beti elkarrekin; horrela hunkitu ninduen Ferminek anaia agurtzeko idatzitako “Agur Iñigo. Horrenbeste maite zintudan... laster arte anaia, lagun” esaldiak. Iñigo hurbil sentitzen genuenok anitz galdu dugula senti dezakedan gisa, Ferminek zerbait gehiago galdu duela pentsatzen baitut, beraz, bide beretik, bizitza triste eta eder honetan Iñigo Muguruzak eman diguna aberastasun bezala ikusten dudanez, Ferminek zenbat irabazi duen uler nezake. Iñigo hurbil sentitzen genuenok anitz galdu dugula senti dezakedan gisa, Ferminek zerbait gehiago galdu duela pentsatzen dut, beraz, bide beretik, bizitza triste eta eder honetan Iñigo Muguruzak eman diguna aberastasun bezala ikusten dudanez, Ferminek zenbat irabazi duen uler nezake