27 SET. 2019 Oskolaren azpian dagoena Amalur ARTOLA DONOSTIA Haurra zela eskola jazarpena jasaten zuen neskato baten babesle bilakatzeagatik Rocks goitizena jarri zioten neskatoa da Sarah Gavronek Sail Ofizialera dakarkigun filmeko protagonista. Egun nerabea da Rocks, itxuraz zoriontsu bizi da Londresko kanpoaldeko auzune kulturaniztun batean –bera erdi nigeriar erdi jamaikarra da–. Ama eta Emmanuelle anaia txikiarekin bizi da, baina inguruan duen mundua gainbehera egiten hasiko zaio ustekabean amak, antza buruko gaitzen batek eraginda, etxetik ihes egiten duenean. Rocksentzat egoera ez da berria. Lehendik ere «atsedenaldiak» hartua da ama, eta pairatu duen babes gabezia eta ezegonkortasun horrek bere kabuz moldatzen ahalegintzeko joera eta emozioak adierazteko ezintasuna eragingo dizkio. Aurrean duen egoeraren gordinak, baina, oskol hori deseraikitzera behartuko du. Filmaren erdigunea Rocksek eta bere lagun taldeak osatzen dute. Neska horiek aurkitzeak urte osoko lana eman ziela azaldu zuten prentsaurrekoan Sarah Gavron zuzendariak eta Theresa Ikoko gidoilariak. «Prozesua oso berezia izan zen, neskak gidoia idatzi aurretik aurkitu genituelako eta, beraz, gidoia horien arabera idatzi genuelako», esan zuen Gavronek. Bazterkeria eta aukerak Filma Londresko ekialdeko auzuneetan filmatu zuten. Bertan kultura ezberdinetako jendea bizi dela eta maiz bazterkeria kasuak izaten direla nabarmendu zuten zuzendariak zein gidoilariak, baina “Rocks”-en egoera hori testuingurua finkatzeko soilik erabili nahi izan zutela adierazi zuten. «Bazterkeriaz hitz egiten duten film asko daude, amorrua agertzen dutenak. Askotan entzuten dugu gazteak problematikoak direla, bandetan sartzen direla… hor ikusten da zein den bazterkeriaren ondorioa. Amorrua sentitzeko arrazoi asko dituzte, ez zaizkie aukera onenak eman, baina hala ere saiatzen dira nolabait duten onena ematen», argudiatu zuen Ikokok, eta beren nahia «gazteak nolakoak diren gogoraraztea» izan dela nabarmendu zuen: «Aukeraz betetako pertsonak dira eta behar bezala tratatuak badira aukera horiek mugagabeak izan daitezke». Amaren irudi lausoa ere izan zuten hizpide. Buruko arazoak dituela aipatzen bada ere, filmak ez digu argitzen zer dela-eta desagertu den ama, ez eta itzuliko den ere. «Ahalik eta ama anbiguoena izatea nahi genuen. Gauzak gehiegi zehazten direnean gugandik urrundu egiten dugu istorioa. Kasu honetan, testuinguru bat sortu genuen narratiba hori sor zedin eta horrela istorioa unibertsalagoa bilakatu», esan zuen Ikokok. Filmaketaz Gavron mintzatu zen eta Helene Louvart argazki zuzendariak izan duen papera nabarmendu zuen: «Helenek eszena bakoitzaren emozioei buruz hitz egiten zuen eta zerikusi handia izan du benetako lekuetan soilik filmatzea erabakitzearekin. Horri esker sentitu dute neskek inguru propioan zeudela», amaitu zuen.