GARA Euskal Herriko egunkaria

EAJk Madrilera poparean joango ez den «trainerua» aurkeztu du

EAJko lehen ordezkaritzako kide izandako Ramon de la Sota Bilboko kaian aurkeztu zuten atzo jelkideek Madrilera bidaliko duten «trainerua», Aitor Esteban «patroi» duena. Herri baten ahotsa patrimonializatuz, «Euskadiren ahotsa» izango direla eta, euskal arrantzaleek balea ehizatzen zuten lez, «inbertsio eta transferentziekin» berdin egingo dutela esan zuten.


Euskal Herria betidanik itsasoari begira bizi izan da. Bere kokapen geografikoa, itsasoak eskaintzen dituen aukerak eta euskaldunak berezko duen kemena kontuan hartuta, ez da harritzekoa herri honek itsasoarekin harreman estua izatea. Eta arraunaz hitz egitean, garbi izan behar dugu ezin gaitezkeela kirol-dimentsiora mugatu, arrauna kirola baino gehiago baita, gure kulturaren eta nortasunaren funtsezko osagaia.

Hauteskunde kanpainak badu erritu eta antzerkitik dezente. Eta, salbuespenak salbuespen, kanpainen alde eszenikoak asko du zinismotik. Greziako maskara hartatik dakigu rol ezberdinak har ditzakegula eta hala nahiko erraz ezkutatzen dugula egiazki garena. Horrela da, eszena eta aktorerik gabe ez legoke politikarik.

Eszena zaindua eta aktore-lan bitxia eskaini zuten atzo EAJk Madrilgo Kongresurako aurkeztu dituen hautagaiek. Bilboko Ramon de la Sota kaia aukeratu zuten funtziorako, ontzi-jabe sonatu hori 1918. urtean EAJk Madrilen izan zuen lehen ordezkaritzako kideetako bat izan baitzen. Antzerki emanaldiaren trama hortik josi zuten jelkideek: «101 urteren buruan, hor segitzen du EAJk, Madrilen euskaldunen ahotsa izaten».

Obsesioraino eramaten du herri oso baten ahotsa patrimonializatzeko joera hori EAJk. «Euskadiren ahotsa gara, zentzuduna, eraginkorra, Madrilen nagusi den zalapartatik urrundua eta euskalduna» eta beren arraunketaren norabidean «ziabogarik ez» dagoela iragarri zuten. «Madrilgo estropadetan gure norabidea beti iparralderanzkoa da, Euskadirantz, seriotasunez, EAJ ereduarekin beti».

«Balea-arrantzaleak»

Antzerkiaren trama paroxismoraino eraman zuen EAJk, Andoni Ortuzar lehendakari eta Aitor Esteban «patroi» dituen traineruaren aurkezpenean. Antzinako euskal «balea-arrantzaleekin» alderatu zuten euren burua. «Haiek baleak ehizatu eta porturatzen zituzten bezala, berdin egiten dugu guk inbertsio bakoitzarekin, transferentzia bakoitzarekin».

Madrilgo itsasoaren egoera ongi ezagutzen duela aipatu eta bertan «egonkortasun instituzionala» ezartzea nahitaezkoa dela gaineratu zuten. «Zerumugan ikusten diren arazo ekonomiko eta arazo politiko larriei, lurraldetasun mailakoei besteak beste, soluzio bat emateko aurrean interlokutore bat behar da, eta hori egonkortasunak ematen du».

Itsaso haserrea, alegia, garai zailak datozela aurreratu zuten jelkideek. «Zentralizaziorako saioak biderkatuko dira, PSOEra ere iritsi dira, Sanchez presidentearen ahotik Katalunian arazo politikorik ez dagoela behin eta berriz esaten ari baita».

«Indar guztiak gorde beharko ditugu arraunean gogor egiteko»; mezu hori bidali zioten beraien jendeari. Besteek «bela edo motorearekin» joango direlako, komunikabide eta finantza talde oso boteretsuen bultzadaz, eta horiek erabakiz gero, EAJk ez du eztabaida askotan egoterik izango.