23 DIC. 2019 HERRI KIROLAK Aimar Irigoienek irabazi du 200 kiloko harri jasotze jokoa Andres OSA «SAKONA» Atzo jokatu zen jendez betetako Asteasuko pilotalekuan hamabi indartsuen arteko harri jasotze jardunaldia. 200 kiloko harri koadroarekin hiru minutuko bi txanda zituen bakoitzak bere trebezi eta indarrak agertzeko. Saio oso ona izan zela garbi esan behar da. Aimar Irigoienek ustel bat egin zuen une erabakigarrian, baina egindako okerra gero bikain zuzendu zuen. Lehenbiziko txandan azken jasoaldian bederatzigarrena izan behar zuena zortzian gelditu zen, ez baitzuen behar bezala harria bizkarrean berdindu. Guztira bederatzi bat ustel ikusi ziren. Martin Mendizabalek ere eginahalak egin zituen jasoaldi bat balekoa egiten, baina alferrik. Iñaxio Perurenak ere hasierako txandari trakets eta oker ekin zion. Hala ere, zortzi jasoaldi egin zituen, ustel bat ere egin bazuen ere. Gure ustetan, harri jasotzaile leitzarrak badu gaitasuna lehiaketa hau irabazteko, baina horretara jarri behar luke bere indarra. Gauzak horrela, sailkapena honela geratu zen: Aimar Irigoienek bi txandatan 17 aldiz leporatu zuen 200 kiloko harria, eta, Jokin Eizmendik, 16 aldiz. Ondoren sailkatu ziren Iñaxio Perurena (15 jasoaldi), Xabier Aranburu Idiazabalgoa (14), Jon Goenatxo III.a (12), Aimar Galarraga (12), Xabier Peñagarikano (11), Julen Diaz arabarra (10), Joseba Ostolaza (46 urterekin badela garbi utzi zuen 9 jasoaldi eginda), Iñigo Eizagirre (7), Gorka Etxeberria (6 jasoaldi egin zituen gazteenak), eta, azkenena, Martin Mendizabal. Saiatu arren, ezin ba lepoan berdindu. Gaztedi, Bizkaiko txapeldun Atzo jokatu zen Mungian Bizkaiko Zortziko Sokatira Txapelketaren finala eta Laukizko Gaztedi mutil taldeak batu zituen puntu gehien, guztira 13. Bigarren, Murueta (12 puntu), eta, ondoren, Goiherri (11), Abadiño (7) eta Gaztedi Neskak (3).