GARA Euskal Herriko egunkaria

Laguntzailea


Lehen, lehia eta jolasa bereizten ez nituenean, garrantzitsuena parte hartzea zela uste nuen. Izan ere, ahulagoak izateko ikastolan sartu zizkiguten balore hippy guztiak nire egin nituen. Orain, ordea, lehiaketan garrantzitsuena irabaztea dela uste dut, hori da helburua, eta horretarako edozerk balio du. Hau da, pixkanaka geroz eta kristauagoa naiz.

Surflari brasildarrak ez dira inoiz bakarrik itsasoratzen. Lehiakide brasildar bat dagoen lekuan hiru subjektu daude beti. Surflaria bera, kanpoan duen gertuko emazte, ahaide edo dena delakoa, eta Jainkoa. Lehen mailan lehiatzen ari diren surflarietako baten txandak irauten duen bitartean, WSLko kamerek lehorrean den “laguntzailea” ere enfokatzen dute.

Soilik brasildarrekin gertatzen da. Gainontzekoek ere badituzte entrenatzailea, lagunak eta familia, baina leku diskretu batean kokatzen dira. Pipelineko finala zuzenean ematen ari zirenean, ordea, Ferreiraren neska laguna eta Medinaren aitaordea agertzen ziren etengabe pantailan.

Aitortu behar dut, inoiz ez ditudala gustuko izan kirolari eta pertsonaia ezagunen ondoan izaten diren ustezko “laguntzaileak”. Norberaren ezinak beste norbaiten bidez proiektatzeko joera hori, eskasa iruditzen zait. Horregatik, Medinaren aita agertzen zen bakoitzean, hasperen aspertu bat egiten nuen. Final laurdenetara heltzeko Medinaren aitak egin zuena ikusita, ordea (ondoko artikuluan duzue azalpena), aitortu behar dut semeordeagatik beti urduri den aita arduratsua izatetik harago, Charles Serranok estratega ona dela ere frogatu zuela. Nire errespetua irabazi du, zertarako balio duen erakutsi baitu. Interesgarria litzateke gainontzeko “laguntzaileek” ere zein dohain dituzten erakutsiko balute.