02 ENE. 2020 Musikaren higadurak Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Bukaerarik gabeko soka dauka esne-saltzailearen ipuinak. Epe ertainera aztertu genuen talde baten disko berriaren bizitza, diskoaren berezko higadura, entzuleek eragin zezaketena, irratietan izango zuen jaitsiera. Hausnartu nahi genuen diskoaren indarra argitaratu eta urtebetera. Lau single biribilak genituen, baina nola iritsiko ziren irratiak laugarren single horretara? Zalantzaren aurrean, balizko laugarrena kontuan ez hartzea erabaki genuen. Disko baten bizitzaren iraupena ez dago inon araututa. Jendearen portaerak zeresan handia dauka. Uda garairako utziko genuen balada nahiz eta jakin entzuleek doinu arin eta freskoagoetarako ohitura dutela sasoi horretan. Udako beroarekin bat entzulea kiskaliko zuen balada proposatu nahi genuen. Espekulatzen ari ginen. Noiz datorkio higadura abesti bati? Noiz galtzen du erakarpen boterea? Noiz urtzen zaie singleei indarra irratietan? Termometro fidagarriena zuzeneko emanaldietan dago. Agertokian dagoen taldeak kantuen leloak errepikatuta entzuten dituenean konturatuko da poligrafo bakarra ekintzetan dagoela. Jarrerek markatzen dute historia. Baina oraingoz, komeni da bi urtetik behin material berria ematea entzuleari, ez dezan ahaztu balizko plazeraren bidea. Gustuen higadurak ez dezan utzi entzulerik gabe denbora batean maitatua izan zena. Ez dago higadura jasango ez duen abesti edo lelorik. Kantu berriek lekua eskatzen dute gure memoriaren hipokanpoan, sortuz eta sortuz beren aukerak atsedenik hartu gabe. Eta gero, herdoilduko dira.