GARA Euskal Herriko egunkaria
URTARRILAREN 11KO MANIFESTAZIOA

Rosa Roderok eta Asun Lasak emango diote ahotsa U11ko mezuari

Elkarbizitzara begira ekarpen handia egingo dute urtarrilaren 11ko manifestazioaren bukaeran Rosa Roderok eta Asun Lasak, ETAk eta GALek eragindako biktimek. Beraiek irakurriko dute euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioaren azken mezua Bilbon. Baionan arratsaldeko hiruretan hasiko da martxa eta lekukoa pasako diote Bilbori.


«Urte hauetan zehar eginiko bide honen baitan, iragarri nahi dugu, gatazka honen baitako biktimak ere erdigunera ekarri asmoz, herri honek jasandako indarkeriaren biktima diren bi emakumezkok ahotsa eman nahi izan diotela manifestazio amaieran irakurriko den testuari». Modu honetan iragarri zuten Sare eta Bakegileak plataformako kideek urtarrilaren 11ko presoen eskubideen aldeko manifestazioaren azken mezua nork irakurriko duen.

Rosa Rodero, ETAk eragindako biktima, eta Asun Lasa, GALek eragindako biktima, izango dira mezu horren arduradunak eta honekin, «elkarbizitza zentrora ekartzen» dutela sinesten dute.

Urtarrilaren 11n manifestazio bana jasoko dute Bilbok eta Baionak, euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta hauen sakabanaketaren aurka. Urteroko zita honetan ahotsa hartuko dute «gorrotoa eta mendekuak kalte baino ez dutela egiten argi duten» bi emakumek; «argi dutenak ez dutela nahi inork euren izenean hitz egitea, edo euren mina modu alderdikoi batean erabiltzea».

Rodero Joseba Goikoetxearen alarguna da eta Lasa, Joxean Lasaren arreba. Biktima eta presoen ekarpenak eta hauen parte-hartzea elkarbizitzarako ezinbestekoak direla nabarmendu zuten, «konbentziturik» batzuen eskubideek ez dietela kalte egiten besteei: «Presoen gaiak ez die kalte egiten biktimei».

Madril eta Parisera begira

«Eman diezaiogun guztion artean amaiera prozesu honi, gertatutakoa berriro errepikatu ez dadin», adierazi zuten atzo Donostiako Teila Fabrikan eginiko prentsa agerraldian. Bertan hitza hartu zuten Mixel Berhokoirigoin eta Anaiz Funosas bakegileek eta Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko kideek.

Hauek nabarmendu zuten «orain» dela unea konponbidean aurrerapausoak emateko. Madrilen eratuko den gobernu berriaren aurrean, «hemen lortutako gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren adostasuna bertara» eramateko une egokian gaudela iritzi diote.

Ezkutatzen saiatzen diren errealitatea Estatu espainoleko Gobernuari begien aurrean jartzeko asmoz manifestatuko dira Bilbon; eta Baionan, Gobernu frantsesari «gure haserrea, deliberamendua eta gure anbizioa modu berean adierazteko».

Horrekin lotuta, Pariseko eta Madrileko gobernuetako agintariek adierazitako hitz «hutsalak» gogoratu zituzten, oraindik «hutsal» direlako eta horien ondotik ekintzarik etorri ez delako.

Estatu espainoleko jarduneko presidente Pedro Sanchezek «duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETAren desegitearen ostean zentzurik ez zuela-eta. Hitz ederrak; ekintzak, ordea, ez horrenbeste», ohartarazi zuen Berhokoirigoinek.

Maiatzean, Biarritzen, G7ko prestakuntza bileran, Estatu frantseseko presidente Emmanuel Macronek gatazkaren konponbidean eta armetatik ateratzeko bidean «eredugarritzat» jo zuen Euskal Herria eta historia ez errepikatzeko, «mugimendua sostengatu behar» dela ziurtatu zuen. Oraindik, baina, hitz horiek ez direla errealitate bihurtu adierazi zuen bakegileak.

Aurrera begira, belaunaldi berriei «etorkizun hobe bat uzteko» asmoa nabarmenduko da Bilbo eta Baionan. Hain zuzen, gazteek lehen lerroa hartuko dute mobilizazioetan. Baionan, traktoreek irekiko dute bidea eta atzetik “Ez dezagun historia errepikarazi” pankarta eramango dute gazteek; Bilbon “Orain presoak” leloa jasotzen duen lona handia eramango dute.