GARA Euskal Herriko egunkaria
HERRI KIROLAK

Ibarra eta Badaiotz garaile Dulantziko sokatira jardunaldian


Larunbatean jokatu ziren Dulantzin goma gaineko sokatira txapelketako jardunaldiak. Gizonezkoak 600 kilotan lehiatu ziren bigarren jardunaldian eta Ibarra gipuzkoar zortziko taldea izan zen onena. Emakumezkoetan 500 kilotan aritu ziren, lehen jardunaldian, eta Badaiotz gasteiztarra izan zen irabazlea.

Ibarrak Beti-Gazte menderatzea lortu zuen, nahiz eta sailkapen orokorrean oraindik Lesakako zortzikoa dagoen aurretik 13 punturekin. Ibarrak 12 ditu eta txapelketako urrezko domina airean dago. Asteburu honetan, Ibarrak 7 puntu metatu zituen, Beti-Gaztek 6, Muruetak 5, Gaztedik 4, Berriozarrek 3, Txantreak 2 eta Antsoainek 1.

Emakumezkoetan badirudi Badaiotz dela urrezko dominaren jabe egiteko hautagai serioena, asteburu honetan 6 puntu batu ostean. Txantreak 5 lortu zituen, Beti-Gaztek 4, Gaztedik 3, Ibarrak 2 eta Antsoainek 1.

Datorren hitzordua larunbatean, otsailaren 8an, izango da Ibarran. 17.00etan gizonezkoek azken neurketa erabakigarria izango dute.

Azkoitiko idi apustua

Larunbat gauean jokatu zen Azkoitiko probalekuan Aiako Erreista eta Lemoizko Txinloren arteko idi proba apustua. Aurrena plazaratu zen Txinloren uztarria, eta itzain lanean Elordui, Urrutia eta Urbieta aritu ziren. 30 minutuko denboran 55 untze, 4 zintza eta 3,74 metro egin zituen. Lan bikaina, atzetik zetorren erreistarrentzat kezka sorraraztekoa. Honek itzain lanean Alegria, Tubilla eta Erlete izan zituen. 29 minutu eta 10 segundo bete zirenean ondu zuen aurrekoaren marka, eta 65 plaza eginaz planto egin zuen. Horrela, 3.000 euroek Aiako bidea hartu zuten. Azkoitiko probalekuan 475 pertsona bildu ziren ikuskizunaz gozatzeko.

Gaur, 12,00etan, Abadiñon, San Blas egunez, Urrezko Aizkorak ekitaldi berri bat izango du. Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika, Ugaitz Mugerza eta Julian Alberdi Txikia V.aren aurka. Neskak banakako txapelketan Nerea Sorondo eta Maika Aristegi neurtuko dira. Harri jasotzen Urdax Magunazelaia eta Julen Diaz lehiatuko dira. Eta 18.00etan, idi demak.