06 FEB. 2020 Euroliga Asvell Villeurbanne da arerioa, ez Nik Stauskas A. G. Dagoeneko jakina da Nik Stauskasen hanka-sartze barkaezin baten erruz galdu zuela Kirolbet Baskoniak Real Madrilen kantxan. Batek baino gehiagok Ontarioko hegalekoari kontratua unean bertan etengo ziokeen markagailua 69na zela eta bi segundoren faltan Camopazzori egin zion falta horren ostean... Edozer, hegalekoa bistatik kentzearren. Alabaina, Dusko Ivanovicek beste makina bat baino argiagoa dela erakutsi zuen prentsaurrekoan. «Niken hutsegitea baino erabakigarriagoak izan dira hirugarren laurdenean galdu ditugun hamar baloiak, edota azken minutuan Real Madrilek harrapatu dituen erasoko hiru erreboteak. Nik intentzio onenaz saiatu da», bota zuen, besterik espero zutenak ahoa bete hortz utzita. Izan ere, Nik Stauskas oso denboraldi txarra egiten ari bada ere, ez da Kirolbet Baskoniaren aurkaria; are gutxiago etsaia. Bada, fokua non jartzen den, hortxe badago gakoa, gaur gauean 21.00etan Asvel Villeurbanne talde frantsesa hartuko du talde gasteiztarrak Buesa Arena pabiloian. Saski Baskonia Euroligako zuloan dago 8-15eko balantzeaz, baina oraintxe du gorantz egiteko unea. Izan ere, etxean hiru partida jarraian jokatu behar ditu; aipatu Asvel Villeurbanne, Zalgiris Kaunas eta Izar Gorria, horiek dira, eta ez beste inor, gasteiztarren egiazko arerioak. Hirurek ere arabarrek baino garaipen bat gehiago dute eta horiei gain hartu ezean, Top 8ra sartzeko aukerarik ez du inolaz ere egongo. «Taldearekin gauza handiak egiteko itxaropena dut, baina badugu partidak irabazten hasteko garaia», ohartarazi zuen Ivanovicek. Tyler Haws, Bilbora Bestalde, RETAbet Bilbao Basketek ofizial egin zuen atzo Tyler Haws hegalekoaren fitxaketa. Jaylon Brown min hartuta dagoenez gero, haren lekua hartuko du denboraldia amaitu bitarte 1,96 metro neurtzen duen 27 urteko jokalariak. Rafa Pueyo kirol zuzendariaren hitzetan, «ACB Ligan eskarmentua duen jokalaria da –Obradoiron jokatu zuen–. Kanpoko jaurtiketa da bere erasoko bertute nagusia eta defentsan saiatua da. Pertsona gisa ere erreferentzia bikainak dakartza».