21 FEB. 2020 Beti bezain nekaezin, festan murgildu da Tolosa GARA TOLOSA Incansables txarangak izan zuen atzo Tolosako inauteriei hasiera eman zien suziria pizteko ardura, bere 50. urtemugan ostegun gizeneko protagonista bihurtuta. Jendez lepo eta eguzki epel batekin lehertu zen festa. Eguneko beste izen nagusia Hondarribiko Jaizkibel konpainiarena izan zen, propio Tolosara gonbidatua. Berdintasunean gozatzera deitu zuten eta Kabi Alai elkarteko kideek –inauterietan udal korporazioaren tokia hartzen dute– festako konpainia ofizial izendatu zuten. Ostiral meheak, zaldunita bezperak, zaldunitak, astelenitak eta asteartitak guztiok ongi pasatzeko aukerak eskainiko dituzte.