GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ilargi guztiak. Todas las lunas» filmatzen ari da Igor Legarreta euskaraz


Mutrikun abiatu ditu Igor Legarreta (Bilbo, 1973) zinema zuzendariak “Ilargi guztiak. Todas las lunas” bere bigarren filmaren grabaketa lanak. Euskaraz egiten ari da eta datozen sei asteetan Bizkaia (Orozko), Gipuzkoa (Gaintza eta Zizurkil) eta Nafarroako (Erratzu, Urbasa, Aldatz eta Leurtzako urtegiak) hainbat herritan ibiliko da lantaldea.

Kontakizun fantastikoa da bilbotarrak idatzi duen lan berria: neskato umezurtz batek abiatzen duen bidaia kontatzen du, emakume misteriotsu batek bere heriotza lapurtu dio eta betirako bizitzera kondenatu du. Hilezkortasuna eman dio bere konpainiaren truke.

Haizea Carneros 12 urteko neskatoak hartu du paper protagonista, bere lehen aktore lana duen honetan. Alboan izango ditu Josean Bengoetxea (“Oreina”, 2017, “Malas Temporadas”, 2005), Itziar Ituño (“La casa de papel”, “Errementari”, 2017; “Loreak”, 2014), Lier Quesada (“Un otoño sin Berlín”, 2015), Zorion Eguileor (“El Hoyo”, 2019, “Agur Etxebesteǃ”, 2019) eta Elena Uriz (“El guardián invisible”, 2017; “Tasio”, 1984).

Gidoia Jon Sagalarekin (“La sala”, 2019; “Bosque de sombras”, 2006) batera idatzi du.

Hilezkortasuna

Lan berrian bi munduren artean harrapatuta dagoen neskatoa da protagonista. Azken gerra karlistaren testuinguruan umezurztegi batetik erreskatatuko du basoaren sakontasunean bizi den emakume misteriotsu batek. Zaurituta, eta heriotzaren amildegian dagoela sinetsita, neskatoak zerura eramango duen aingeru batekin nahastuko du. Ordea, biharamunean, argitasunarekin, konturatuko da izaki misteriotsu eta bitxiak bere konpainiaren truke eman diola betiereko bizitza.

Baldintza berriaren menpe, haurtzaroan itxita igaro beharko du denboraren joan-etorria eta hamaika ilargi zenbatuko ditu Candido ezagutu arte. Gizon honek bere etxean hartuko du neskatoa eta elkarrekin ekingo diote bere bizitza errekuperatzeko bidaiari.

“Ilargi guztiak. Todas las lunas”-ren zuzendariak adierazi duenez, «funtsean, kondena baten istorioa da. Betiko bizi behar izatearen kondena. Horrek, definizioz, ez bizitzea esan nahi du». Legarretaren hitzetan, «argirantz egiten duen bidaia epikoa da, heriotzaren ertzetik egiten dena. Eta betikotasuna, existitzen bada, orainean baino ez dagoela. Finean –eransten du–, heriotzaren alderik garrantzitsuena bizitzak izaten jarraitzen duela».

EHUn Arte Ederretako fakultatean Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna, Legarretak hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu, besteak beste “El Trabajo” (1998), Montpellier eta Locarnoko jaialdietan epaimahaiek saritua, eta “El Gran Zambini” (2005).