13 ABR. 2020 Ikurrinen herria Jon GARMENDIA «TXURIA» Idazlea Abitxu Soubeletek aipatu zigun bere amatxik Tolosatik 1937an ihes egin zuenean ekarritako ikurrina jarri behar zuela Aberri Eguna ospatzeko Donibane Lohizunen, ikurra bere ondorengoen altxorra zela herentzian. Bixenteri galdetu nion ea bere amatxi Kattalin Agirrerena non zeukaten, Bigarren Mundu Gerran hegazkinlari ingelesak babesten zebiltzala isilpekoen artean gordea. Mikel Epalza apaiza aitaren Euskal Gudarostekoaz mintzatu izan zait, Lapurdiko Jatsun babestu zirenekoa. Jakes Etcheverriak akordeoi zaharra atera zuen ikurrinarekin, Eltzegor eta Arrantzaleak talde mitikoetan jotzen zuena. Urtzi Zubizarretari leitu nion kamiseta puskekin gaizki jositako trapua luzitu behar zuela, Meaux, Fleury, Gradignan eta Soto del Realeko espetxeetan erabilia jostunaren eskuetara itzuli arte. Josetxo Etxeberriak agertu zuena Mecon, Cartagenan, Soton, Eivissan, Valdemoron, Malagan, Algecirasen, Villabonan eta Darocan 22 urte ibili zen, eta euskal preso politikoak eta erbesteratuak itzuli arte ez zela libre izango gaineratu zuen. Gure etxekoa ezartzean kartzelan ditugun lagunengana joan zitzaigun gogoa, eta brindisa haien alde egin genuen. Bidean galdu ditugunentzat. Izenik eman gabe topiko bat dela dirudien arren, bakoitzak dituenenganako errespetuz idatziko ez ditudanak, baina ikurrinaren zati ederrenak haiek josiak dira. Trapuetan baitago, paperetan, jendearen bihotzetan, herri hau aurkitzeko ez dago mapa baten beharrik.