16 ABR. 2020 Botere guztiak nahi ditu Kanbodiako agintariak, birusa aitzakia C. SARDIÑA GALACHE-Efe BANGKOK Koronabirusaren aitzakiarekin, Kanbodiako Parlamentua botere guztiak Hun Sen lehen ministroaren eskuetan uzteko legea onartzen ari da. Setiopean dagoen oposizioak eta giza eskubideen erakundeek kezka agertu dute. Senatuak apirilaren 7an aho batez onartu zuen eta Kongresuak bihar bertan bedeinkatuko duen «Larrialdi egoeran den Herrialdea gobernatzeko lege» berriak Gobernuaren kontrolpean uzten ditu telekomunikazioak eta komunikabideak. Bide batez, herritarren mugimenduak murrizteko eta norbanakoen jabetzak desjabetzeko aukera ematen dio Gobernuari. «Gu benetan harritzen gaituena askatasun eskubideen eta eskubide politikoen aurkako erasoa da», deitoratu du Mu Sochuak, oposizioko aurpegi ezagunetarikoak eta Kanbodia Erreskatatzeko Alderdi Nazionalaren (CNRP) presidente ohiak. CNRP legez kanpo utzi zuten 2017an eta agintari gehienak kartzelan edota erbestean daude, Mu Sochua horien artean. Ilegalizazioak Parlamentuaren eserleku ia guztiak lortzeko aukera eman zion, 2018ko hauteskundeetan, Hun Sen lehen ministroak 1985etik zuzentzen duen Kanbodiako Herriaren Alderdiari (PPC). Ehungintza ataka larrian Bertako osasun sistema kaskarra ahaztu gabe (122 kasuren berri eman dute, baina ia ez da testik egin), eragin ekonomikoaren beldur dira Kanbodian. 700.000 langile dituen ehungintza sektorea sekulako jipoia jasaten ari da, batetik Txinak ez duelako lehengaiz hornitzen eta, bestetik, AEBetatik eta Europatik eskaerek behea jo dutelako. «Fabrikak ixten direnean kalera aterako diren langileen aurka egiteko nahi du lege hori», oposizioaren esanetan.