20 ABR. 2020 Saskibaloia ACB Ligak denboraldia amaitzeko plana dauka Hamabi klub seina taldeko bi multzotan banatu, etamultzo bakoitzeko onenek finala jokatzea nahi dute. Arnaitz GORRITI ACB Ligak 2019/2020 denboraldia nolabait amaitzeko plana dauka gaurko bilera telematikoan. Modu batera edo bestera, irabazle bat nahi du lehiaketak eta plan bat eratu du, hiri bakarrean eta ateak itxita bada ere. ACB Liga eten zenean sailkapen nagusian aurreneko 12 postuetan ziren taldeak hautatu gura ditu; hau da, Barça, Real Madril, Casademont Zaragoza, Iberostar Tenerife, RETAbet Bilbao Basket, Morabanc Andorra, Valentzia Basket, Kirolbet Baskonia, Unicaja, San Pablo Burgos, Kanaria Handia eta Badalonako Joventut, hurrenez hurren. Kanaria uharteetan izango da, ziur asko, lehiari berrekitekotan. Jokamoldea, berriz, seina talde bina multzotan banatuko omen lituzkete, ligaxka joka dezaten. Ligaxka bakoitzeko txapeldunak, ondoren, gehienez bost partidatara jokatuko den finaleko playoffetarako sailkatuko lirateke. Saskibaloi ligak ez du esaten Fase Erregularreko emaitzak aintzat hartuko diren ala ez. Esaterako, Bilbao Basketek 14 garaipen zeramatzan lehia eten zenean; Joventutek, 9 baino ez. Talde biak multzo berean egokitu eta hutsetik hasi beharko balira nabarmen kalterako izango litzateke bizkaitarrentzat. Horrez gain, ACB Ligaren planak ez du esaten datorren denboraldiari begira Euroligara, Eurocupera eta FIBA Champions League delakora sailkatzeko zein irizpide erabiliko lukeen. Hasteko, Barçak, Madrilek eta Baskoniak Euroligan lekua hurrengo urteetara begira patrikan dute, baita Valentziak ere Euroligako –lehiaketa berriro martxan jarriko balitz– aurreneko zortzietan amaitu balu. Eurocup eta FIBAko lehiei dagokienez, berriz, ekonomikoki parte hartzea ongi datorkien horiek emango dute pausoa, kirol irizpideei so eginda baino gehiago. Gipuzkoa Basket, begira ACBren plan horrek ez du esaten, halaber, talderen batek maila galduko ote duen. Egun Fuenlabrada eta Estudiantes dira Ligako azkenak, baina ez dirudi datorren denboraldia LEB Ligan jokatu beharko dutenik. Espainiako Saskibaloi Federazioak –FEBek– ere bilera du gaur. Urrezko LEB Ligarekin zer erabaki deliberatu behar du. Baliteke ACB Ligara igo ezinik geratzea lehiaketako bi aurrenak; Valladolid eta Delteko Gipuzkoa Basket, alegia. Baliteke ere datorren urtean ACB Ligan 20 talde aritzea. Horren alde mintzatu da asteon Nacho Nuñez GBCko presidentea. «Igoerak nahitaezkoak dira LEB Ligak baliorik izango badu. Bestetik, ACB Ligak indarra har lezake 20 talderekin, formatu berri batekin, osatuko balitz», adierazi du.