GARA Euskal Herriko egunkaria

Ordubete


Ordubetek zenbateraino ematen duen badakite euskal familia askok aspaldidanik, preso dituztenen amek, aitek, senar-emazte nahiz haurrek. Lagun eta beste senitarteko askori ere ordu laurdena falta izan baitzaio ordu horretara ailegatzeko bisitetan, non aurrez eta ondoren bizitakoarekin denboraren nozioa luzatzera ohitu diren. Ordubeteko promenada bizitza baten antologia da kartzelako patioan, erbesteko itsasargitik sorterriari emandako behakoa tristezia uneetan. Nahiz eta Montesquieuk adierazi zuen ordubeteko irakurketak kentzen zizkiola penak. Badira anitz irakurriagatik bihotzaren erdian itsatsita gelditzen direnak, eta tarteka-marteka hor daudela adierazten dizutenak, oihuka. Ordubete hitzordu bat jartzeko, ordulariari aitzinera eginarazteko edo gibelera eramateko. Buruari non zauden galdetzen diozun bitartean. Eta ekialderantz joz gero ordubete 15 gradu bakoitzeko. Itzuli osoa eman aurretik galduta zaudela jakiteko.

Hego Euskal Herriko haurrak dira jakitun atzo geroztik zenbat gozamen kabitzen den denbora tarte horretan. Guk Didi eta Gogo dirudigu zuhaitz azpian, Godoten esperoan. Baina nehor ez zaigu etorriko gaur ez dela etorriko erratera, beharbada bihar arratsaldean helduko dela pentsatzen dugu, azkenaldian ohituegiak gaudelako dena biharko uztera, ospakizun festak bezala, beste batek gure bizitza hobeki profitatuko duela sinistuta bezala.