GARA Euskal Herriko egunkaria
BERROGEIALDIRAKO TELESAILAK

«Spoilerrik» ez, faborez


Zaila da oso “Ozark”-i buruz mintzatzea spoilerik egin gabe, ezustez beteta baitago guztiz gomendagarria den telesail hau. Zinema beltza eta droga kartelei buruzko istorioak gustukoak badituzue, galdu behar ez duzuen telesail bat da hauxe. Argazkilaritza aparta, pertsonaia sendoak, umore beltza... zer nahi duzue esatea, ni behintzat harrapatuta nago erabat. Orain hiru urte estreinatuta, hasieran ez zuen arrakasta handirik lortu. Hainbeste gauza eta hain ona dagoenean, zaila da ikusleen arreta erakartzea. Baina lortu zuen eta baita mantendu ere, eta diotenez, orain zintzilikatu berri den hirugarren denboraldia aurrekoak baino sendoago eta ikusgarriagoa da.

Abiapuntua hauxe da, eta ez dizuet gehiago aurreratuko: aholkulari finantzario batek (Jason Bateman), emaztearekin (Laura Linney) eta seme-alabekin alde egingo du Chicagotik Ozark aintziraraino, bost urtean 500 milioi dolar garbitu behar duelako mexikar narkotrafikatzaileekin. Zorra kitatzeko. Baina zorra handitzen doa...