09 MAY. 2020 Sintomak dituzten pertsona guztiei PCR testa egin beharko zaie 24 ordutan GARA Donostia «Balizko kasu orori eginen zaio PCR bat lehenengo 24 orduetan». Argi eta garbi ezartzen du Espainiako Osasun Ministerioak fase berrirako zaintza epidemiologikoaren oinarria. Gida berria ostiralean argitaratu zen, eta orain erkidego bakoitzak bere protokoloak egokitu beharko ditu, helburu garbi batekin: antzemate goiztiarra bermatu (beti PCRarekin), kasu guztiak –baieztatutakoak eta balizkoak– isolatu, eta horien kontaktu estuak bilatu eta aztertu. Behintzat EAEn indarrean dagoen protokoloaren arabera, bakarrik arnas infekzio larriak dituzten gaixoei egin behar zaie PCR testa –arinei ere bai, funtsezko profesionalak badira–. Orain protokolo hau berritu beharko da, Ministerioak asko zabaldu baitu PCRa egiteko sintomatologia. Horien barruan sartzen dira arnas infekzioak –larriak zein arinak–, beste edozein sintoma batekin agertzen direnean: sukarra, eztula, aire faltaren sentsazioa, eta abar. Beste sintoma batzuk ere sartu beharko dira protokolo berrian, hala nola odinofagia (eztarriko mina jaterakoan), anosmia (usaimenaren galera), ageusia (zaporeen pertzepzioaren aldaketa), giharretako mina, beherakoa, min torazikoa eta buruko mina, besteak beste. Sorta zabal horren xedea garbia da: ahalik eta kasu gehien antzematea ahalik eta azkarren, horrek bermatuko duelako birusaren berpizte bat garaiz antzeman eta moztea. Oraintxe bertan PCR asko egiten dira, behintzat Hego Euskal Herrian, baina ezinezkoa da jakitea zehazki nori egiten zaizkion. Ospitaleratze datuek iradokitzen dute, bereziki EAEren kasuan, ez daudela bideratuta kasu berriak antzematera, positiboen ehuneko handi batek ospitalean bukatzen duelako. Hau da, kasu larriak antzematen dira batik bat; gehienak arinak edo asintomatikoak dira, ordea. Azken zazpi egunetan, adibidez, EAEko PCR positiboen %76k ospitalean bukatu zuen. Nafarroan, aldiz, zifra hau %20ra jaisten da. Protokoloa aldatuz gero, bi zifra hauek berdindu beharko lirateke hurrengo egunetan, ikusiko dugu zein norabidetan. Isolamendua eta kontaktuak OMEren eta komunitate zientifikoaren gomendioei jarraituz, testekin batera beste bi ardatzek sostengatzen dute Ministerioaren estrategia: isolatzea eta kontaktuak bilatzea. Isolamendua kasu guztietan ezartzen da, PCRan positibo ematen dutenentzat, baina baita balizko kasuentzat ere. Horien barruan, dokumentuak bi aukera bereizten ditu: kasu posibleak (sintomak bai, baina PCRa egin gabe), eta kasu probableak (PCR negatiboa, baina sintomak izaten jarraitzea). Eta zer dira kontaktu estuak? Ministerioaren arauaren arabera, gaixoak sintomak izan aurreko bi egunetan berarekin 15 minutuz bi metro baino distantzia txikiagoan egon direnak.