GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Denbora beharko dute postuei neurria hartzeko


URRUTIKOETXEA-IRRIBARRIA 14

ARTOLA-REZUSTA 22


Mikel Urrutikoetxeak zazpi hilabete zeramatzan aurrelari gisa partida ofizial bat jokatu gabe –Binakakoa atzelari gisa jokatu zuen–, eta Iker Irribarriak atzelari gisa hiruzpalau neurketa bakarrik zituen jokatuak bere ibilbide profesionalean. Postu aldaketa horien ajeak nabaritu egin ziren atzo Bilbon eta 14-22 galdu zuten Artola eta Rezustaren aurka.

Urrutikoetxeak sei pilota galdu zituen, erremate batzuk txapara joan zitzaizkiolako gainera, eta Irribarriari galdutako zortzi pilota apuntatu genizkion, bere kasuan ere horietatik batzuk gutxigatik gora edo zabalera ihes egin ziotenak. Zentimetro horiek fintzen dituztenean bikote beldurgarria osatuko dute –Irribarriak berak, esaterako, bi tanto eder egin zitu atzera jotako bi pilotakada bikaini esker–, baina normala den moduan denbora beharko dute hori lortzeko.

«Ez dut uste desastre handirik egin dugunik, baina denbora beharko dugu», onartu zuen Iker Irribarriak berak ere partidaren amaieran. «Aurrean erosoago ibili naiz, atzetik gehiago kostatu zait, pilotari jartzea batez ere», gaineratu zuen lehen partidaren azterketa eginez.

Iñaki Artolak eta Beñat Rezustak, bestalde, oso norgehiagoka serioa jokatu zuten. Bergarako atzelaria oso seguru aritu zen neurketa osoan eta Alegiako aurrelariak ongi baliatu zituen bere aukerak, nahiz eta berak ere txapara pilota batzuk bidali zituen lehen erdian.

Artolak, gainera, berotzen ari zela aduktorean mina sentitu omen zuen eta aurreneko tantoak beldurrez jokatu dituela onartu zuen. «Sustoa izan da, susto handia. Ez zen zaintiratua izatera helduko, gero ez baitut halako minik izan, baina momentuan beldurtu egin naiz», aitortu zuen gero.

Urdinak aurretik joan ziren ia partida osoan, eta amaieran lortu zuten alde handiena, 8 tantokoa.