03 JUL. 2020 Entrevista ASIER ETXEPETELEKU LACASA ARRANO OSTATUA (LESAKA) «Aurten, uda hilabete aurreratu da Lesakan» Lesakako Udalak eta herriko eragileek aho batez hartu dute sanferminak bertan behera uzteko erabakia, aurten baldintzarik ez delako betetzen. Hala ere, Asier Etxepeteleku itxaropentsu ageri da, herriko nahiz inguruko bisitariekin lan egin dezaketelako uda honetan. Are gehiago, dagoeneko lanean ari direla dio: «Aurten uda hilabete aurreratu da». Iruñe ASTITZ LARUNBE LESAKA Zer nolako eragina izango du sanferminak bertan behera geratu izanak? Edozein ostaturentzat herriko bestarik gabe geratzea galera nabaria da, urteko diru sarreren zati garrantzitsu bat hor egoten baita. Azken urteetan kontsumo eredu eta ohiturak aldatu egin dira Euskal Herrian ere, eta bestarik gabe geratzeak ezegonkortasuna handitu eginen du, noski. Covid ondorengo jendarte berrian ez dakigu ze ondorio izango diren, ohituretan, joeretan... Horrek kezka handiagoa sor dezake tabernarien artean. Baina argi dugu ere ezin direla sanferminak modu normal batean ospatu, ez dagoelako horretarako baldintzarik, aurreko hilabeteetan bizi izan duguna ikusita, ezin gara arriskatu, hilabete hauetan ikasi dugunak zerbaitetarako balio behar digu; bertze alorretan bezala, bizitza erdigunean jartzen badugu, zaintzari lehentasuna emanez, sanferminak ezin dira ospatu. Lesakan herri erabakia izan da, kontsentsuzkoa. Udalak herri eragileekin batera hartu du, denon adostasunarekin, eta tabernak ere ados gaude. Tabernari askok dio lan karga handitu egin zaiela egoera berri honetan, eta langileak kontratatu behar izan dituztela horri aurre egiteko. Zuen kasua al da? Gurea ostatu ttiki bat da; beraz, ez dira hain zorrotzak edo handiak bete beharreko neurriak; lantaldeak egiteko modukoak dira, arreta eta dedikazio handiagoa eskainiz, hori bai. Aldaketa bat, bai, nabaritu dugu, aurten uda hilabete aurreratu dela; ikasleak herrian, herritarrak kanpoko herrietara ezin joan, dena itxita eta bertan behera utzita... herrian gelditu da jendea, ez zegoelako ia deus egiteko aukerarik. Horrela, udako ordutegia ekainaren 1erako martxan genuen; lankide bat gehiago egunero. Honek udari begira esperantza ematen digu agian bestak bertan behera utziagatik uda aprobetxatzeko moduan egonen garela, herriko nahiz inguruko bisitariekin lan egin dezakegula. Osasun krisiak jendartean utziko dituen ondorioek bide berriak jorratzera eramanen gaitu agian; etxera eramateko eskaintza, egunezko eskaintza eta kontsumoa... ohitura berrietara egokitu beharko gara halabeharrez. Bezeroek emandako erantzuna nolakoa izaten ari da? Egia erran, ez dugu inongo kexarik alde horretatik. Guk lehenengo ireki genuen, maiatzaren 11n, terraza eder bat izanda zorte eta pribilegioa dugulako. Bezeroak hagitz eskertuak zeuden, gure egoerarekin bat eginez, lagundu nahirik, konplizitate handiz, eta hori eskertzekoa da. Azkenean bi hilabete itxita egoteak suposatzen duen egoerarekin ulerkorrak izan dira, baita neurri berriak suposatzen dizkigun trabekin ere. Krisi egoeratik beti ikasten da zerbait, aukera berriak irekitzen dira eta sentsazioa izan dugu denak batera egin dugula aurrera, elkartasun batetik. Behin eta berriz neurri berriak, une oro egin beharreko mahai eta altzari garbiketa, distantzia soziala... Zer nolako eragina izango du zuen jardunean? Distantzia soziala eta ostatuak elkarri kontrajarriak dira. Ostatu batera ez doa inor distantzia sozialak mantentzera, harreman sozial bila baizik. Ostatuak ireki ziren momentuan hori kontuan hartuta egin izango zutela pentsatzen dut. Hor ere mila zalantza ditugu, guk eta bezeroek, jarrera egokia zein den jakitea ez delako erraza, pertsonen izaeraren arabera ere hagitz desberdin bizitzen baita jendearekiko kontaktu maila. HARREMAN BILA