24 JUL. 2020 Zortzi ilustratzailek Olafur Eliasson «berrikusi» dute Zortzi euskal artista, zortzi ilustratzaile. Olafur Eliassonen munduari so egin eta Guggenheim Museotik sareetara eraman dute. GARA BILBO Zortzi euskal ilustratzailek, horietako zazpi emakumeak, Bilboko Guggenheim Museoan ikusgai den Olafur Eliasson egile danimarkarrari buruzko erakusketaren «berrikusketa» egin dute. Haien lanak museoaren web orrialdean daude ikusgai, eta bertan izango dira erakusketak iraun bitartean. Myriam Cameros, Higinia Garay, Yolanda Mosquera, Alberto Muriel, Concha Pasamar, Ane Pikaza, Janire Orduna eta Leyre Urbeltz dira “Bestelako begiradak” ekimenean parte hartu dutenak. Museoak botatako erronkari helduz, ilustrazioen bidez agertu dute Olafur Eliassonen lanekin harremanean bizitako esperientzia. Museoarekin elkarlanean ekimena koordinatu duen Euskal Irudigileak elkarteko kideak dira ilustratzaileak. Museoko bigarren solairu osoa hartzen du Eliassonen erakusketak. Benetan interesgarria da, kitzikagarria. Daniarraren lanak eta instalazioak «esperientziak eragiteko» pentsatuta daude, eta bisitariak horien partaide bihurtzen dira. Zortzi euskal irudigileek erakusketari buruzko beren ikuspegi propioak txertatu dituzte egin dituzten piezetan, hainbat teknika eta estilo guztiz librea erabiliz atentzioa zerk eman dien adierazteko. Modu iradokitzaile eta pertsonalean jaso dute ilustratzaileek Eliasson; bizitza errealean erakusketan bizitakoa islatuz; artelanek ikuslea baitan hartzeko duten modua jasoz; naturaren presentzia indartsua azpimarratuz lainoak, likenak edo glaziarrak bezalako elementuen bidez. Daniarrak inguruko mundua hautemateko, sentitzeko eta hari forma emateko baliatzen duen etengabeko hausnarketa ere jaso dute, argia, kolorea, mugimendua eta figura geometrikoak baliatuz. Lucia Aguirre komisarioak aipatu legez, «artea eta, beraz, mundua esperimentatzeko modua, gure begiradaren eta gure ikuspegi pertsonalaren menpe dago. Beraz, erakusketa paralelo hau modu egokia da bisitaria Olafurren lanean askatasunez eta sormenez murgiltzera animatzeko».