28 AGO. 2020 Athletic Helburua, lehiakortasuna Gaizka Garitanok beso-zabalik hartuko lituzke fitxaketak «baina gaudenokin lehiatzen saiatuko gara». Amaia U. LASAGABASTER Denboraldi-aurrea zaila izaten ari da Athleticentzat. Pandemiak behartutako protokoloek egunerokotasuna nahikoa nahasten dute, eta, hori gutxi ez balitz, koronabirusak eta lesioek nabarmen argaldu dute Lezaman denboraldi hasiera prestatzen diharduen jokalari taldea. «Ez da erreza –onartu du Garitanok–. Lehen taldeko 11 jokalari falta zaizkigu eta jende gazte asko dago. Moldatzen saiatu behar dugu, falta direnak lehen baino lehen itzuli eta bitartean, lanean gaudenok lanari ekin. Eta lehen egunetik talde lehiakor bat egiten saiatu». «Gure erantzukizuna –gaineratu zuen, Lezaman eskainitako prentsaurrekoan– gaudenekin Ligako lehen partidarako talde lehiakor bat egitea da. Beti lortu dugu orain arte, talde lehiakorra, garantiazko taldea izatea. Argi dago zure jokalari onenak zelaian egoteko aukera eduki nahi duzula, baina gaudenekin moldatuko gara». Antzeko mezua adierazi zuen fitxaketei buruz hitz egitean. «Entrenatzaile guztiok nahi dugu beti gure taldea hobetzea. Klubak lanean dihardu, baina merkatua ez da erreza, bereziki guretzat. Asko falta da epea amaitzeko eta guk daukagunarekin jarraituko dugu lanean. Besteren bat baldin badator, askoz hobe. Eta bestela, gaudenekin saiatuko gara ahalik eta talde lehiakorrena egiten», azpimarratu zuen. Argi dauka, edozein kasutan, premia handiena zelai erditik gora egongo litzatekeela, Adurizen golen falta asko nabaritzen baita, eta fitxaketak bereziki eskertuko liratekeela helburu berri gehiago izateko datorren denboraldiari begira. «Asko eskatzen diogu geure buruari eta horrela izan behar du Athleticen gaudelako. Baina egia ere bada ‘lehengaia’ beharrezkoa dela. Aurten are gehiago, Kopako finala eta Superkopa ditugulako eta Ligan hasieratik borrokatu nahi dugulako, ahalik posturik onena lortzeko. Helburu politak dauzkagu, urte polita da, eta orain arte izan garen bezela, talde lehiakorra izaten jarraitu nahi dugu». Gazte guztiak «ondo ezagutzen» dituela azaldu zuen, eta orain haiekin zuzenean lan egiteko aukera du, euren hobekuntza ikusteko. «Euren errendimenduaren eta taldearen beharren arabera, gera daitezke, utzita irten edo gurekin lanean jarraitu eta Bilbao Athleticekin jokatu, behar denean. Denbora daukagu erabakiak hartzeko». Probak Koronabirusak kutsatuta etxean dauden sei jokalariei probak egin zizkieten atzo. Emaitza negatiboa bada, hurrengo egunotan hasiko dira lanean. Iñigo Martinezek, bere aldetik, saio erdia egin zuen atzo bere taldekideekin batera.