GARA Euskal Herriko egunkaria

Pablo Agüero: «Sorgin ehizez elkarri kopiatu diogun klixea sortu dugu»

XVII. mendeko sorgin ehizak lehen pertsonan aurkeztu ditu Pablo Agüerok Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzen duen «Akelarre» filmean. Basoan dantzan aritzeagatik salatuak izan diren sei neska gazteren begietatik erakusten ditu Inkisizioaren gehiegikeriak. Euskaraz eta gaztelaniaz filmatutako filma Irizar Sariaren lehian ere sartu da.


Denboran atzera egin eta 1609ko Euskal Herrira garamatza Pablo Agüerok (Mendoza, Argentina, 1977) bere seigarren film luzean. Sorgin ehizen inguruko filma da “Akelarre”, XVII. mendean Elizaren babespean egin ziren gehiegikeria eta sarraskiak ikuspegi pertsonaletik marrazten dituen pelikula. Zehazki, sei neskatilaren –Amaia Aberasturi, Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Yune Nogueiras eta Lorea Ibarra– optikatik jasotzen du ikusleak errealitatea, eurekin biziko ditu atxiloaldiko tortura, manipulazio saiakera eta bestelako trantzeak, eta haien larruan jarrita ulertuko du hartzen dituzten erabakien norabidea.

Kursaalean eman zen atzo lehenbizikoz filma eta, aretoko sentsazioak aintzat hartuta, publikoak jaso zuen Agüeroren mezua. Proiekzioaren osteko prentsaurrekoan Agüerok berak adierazi zuenez, istorioa eraikitzeko asmoa bere eskuetara XIX. mendeko historialari baten liburu bat iritsi zenean sortu zitzaion, eta historia bere egin zuela esan zuen, «ni Patagonian hezi nintzelako, mendian, bizitzea zaila zen egoera sozial batean». Europako sorgin ehizek «eragin» eta Euskal Herriaren kasua ezagutu zuen. «Amore ematen azkena izan zen herria izan zen, kataroak adibidez erori eta euren hizkuntza ere galdu zuten. Jakin nuen Pierre De Lancre izan zela hemen, Iparraldean, eta hona bidaiatzen hasi nintzen, tokiko ikertzaileekin biltzen», esan zuen. Filmatu ere hemen egin du, Saran, Itziarren (Sakoneta), Laidako hondartzan, Urbasan eta Lesakan.

«Mendeetan zehar terrorean hezi gaituzte, inkisidoreen eskuorrietan ikusten da hori, nola derrigortu zuten jendea bizilagunak salatzera eta nola zigortzen zituzten hala egiten ez bazuten, nola ezarri zen sistema moral jakin bat, mendeetan bizirik iraun duena. Memoria bat desagertzen saiatu ziren, euren gorputzak erre zituzten, beren etxeak, ‘emakume hauek ez dira existitu’ esateko. Existitu ziren, ordea, eta euren pentsaerak inkisidoreenak baino gehiago egiten du bat gurearekin», esan zuen. Horri lotuta, «euskal matriarkatuaz» ere mintzatu zen. «Emakumeak euskal gizartean betetzen zuen rolak traba egiten zien agintariei, eta hori ere presente izan dut», azaldu zuen.

Gaurkotasuna

Sorgin ehizaren gainean idatzi edota zinemara eraman denaren gainean ere mintzatu zen Agüero. Bere hitzetan, «garai hartaz batak besteari kopiatu diogun klixe bat sortu dugu, ez dakigu egiatan zer aurpegi zuten, ze ibilkera…». Bide horrekin hautsi eta pelikulari «gaurkotasuna» eman nahi izan dio argentinarrak, «betiere ziur dakigun hori aintzat hartuta, noski. Zerbait identifikagarria baina aldi berean berria egin nahi nuen». Pintura barrokoaren zalea bada ere, film honetan bere buruari «pinturak sortzea debekatu» egin diola esan zuen, «nik giroak sortu nahi nituelako. Ez dugu planorik sortu edertasunari begira, lehentasuna gertatzen denaren indarrak izatea nahi genuen, naturaltasun hori lortzea», azaldu zuen.

Amaia Aberasturik atxilo hartutako neskatila baten papera jokatzen du. Bere pertsonaien gainean, gidoia iritsi zitzaionean bere burua 1609. urtean kokatzen ahalegindu zela kontatu zuen, baina Agüerorekin bildu eta gaurkotasunaz mintzatu zitzaionean berehala egin zuela bat haren ikuspegiarekin. «Edozein une eta lekutan pasa daitezke halakoak, eta pertsonaiak ere atenporalak dira zentzu horretan». Matxismoari begira pertsonaiarekin identifikatuta sentitzen dela ere esan zuen, «nik ia nahi dudan guztia egin dezakedalako, baina ez gizon baten neurri berean; horrek oraindik bizirik dirau», salatu zuen. «Nahiago nuke bizitza hau sorginez beteta egongo balitz ze, zer da sorgin izatea, nahi duguna nahi dugunean egiteko aukera izatea? Ba hobe hala balitz, hobe sorgin gehiago egongo balitz», aldarrikatu zuen.

Alex Brendemuhl da Pierre De Lancreren larruan sartu dena. «De Lancreren tratatuak, sorginkeria identifikatzeko teoria pseudozientifiko horiek irakurri nituen; pertsonaiaren subjektibotasunak, bere pasioak, irauli egiten ditu. Pertsonaiak besteekin enpatizatzea galarazten zion sentikortasun berezia izan zezala bilatu genuen», azaldu zuen.

Erronka teknikoei dagokienez, Agüerok azaldu zuen akelarrearen eszena eta musikaren konposizioa –Mursegok parte hartu du zeregin horretan– izan dela zailena. «Suaren inguruan dantza aritzea eta koherentea izatea zaila da, elkarri kateatuta ziren baina era berean mugimendu koreografikoak egin behar zituzten… Play-backa izan zitekeen eta faltsuegia geratu, edo zuzenean interpretatu eta zikinegi geratzea… Erotu nituen taldekideak, proba asko egin genituen, eta, azkenean, bertan egotearen errealismoa eta estudioko nahasketa, biak ditugu. Hori sortzea izan zen zailena».