06 OCT. 2020 Mendia Alex Txikon mendizaleak «Mendi biluzia» filma eta liburua aurkeztu ditu GARA 2016ko otsailaren 26an, Simone Moro italiar eta Ali Sadpara pakistandarrarekin batera, Alex Txikon Nanga Parbateko tontorrera heldu zen, neguan, historian lehen aldiz. Covid-19ak eragindako konfinamenduan, balentria hori atzo aurkeztutako “Mendi biluzia” liburu eta filma bihurtu du Lemoakoak. «Urduri» sentitu zen Txikon, mendizaleak berak Euskalduna jauregian goizez egindako aurkezpenean jakinarazi zuenez. 60 minutu pasako film luzea arratsaldean bertan estreinatu zen. Filmean ikus-entzuleek neguko espedizio baten funtsean eta gogortasunean murgiltzeko eta tontorrera heltzearen, baina batez ere oinarrizko kanpalekura itzultzearen garrantzia ulertzeko aukera izango dute. Izan ere, mendizale bizkaitarrak esaten duenez, «gailurra ekipoko gainerako kideekin oinarrizko kanpalekura itzultzen zarenean lortzen duzu». Lana azaroaren 2an estreinatuko da Euskalduna jauregian bi emanaldirekin, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta azaroaren 3an eta 5ean emango da berriro, bi emanaldi egunean. Une horretan hasiko du Txikonek Estatuko hiri nagusietara eta Euskal Herriko udalerri askotara eramango duen “Mendi Biluzia Tourra”. Azaroaren 4an eta 6an filma Donostiako Aquarium-en ikusi ahal izango da; hurrengo egunean bi emanaldi egongo dira Izurtzan; eta igandean, azaroaren 8an, goizez, emanaldi solidarioa Getxon, eta arratsaldez Azpeitian. Hurrengo emanaldiak Alex Txikonen sare sozialen eta webgunearen bitartez jakinaraziko dira. Liburua Datozen asteetan plazaratuko den liburua Sua Argitaletxeak argitaratuko du eta Txikonek berak «eskuz eta bere letrarekin» paperean idatzitakoa da. Irakurlea mendi magalera eramango duten 90 argazkitik gora dituen «oso liburu berezia» da. Liburua Tom Ballarden eta Daniele Nardiren erreskatearekin hasten da. 2019ko neguan izan zen, eta Txikonek erreskate lanetan parte hartu zuen, K2ko kanpaleku nagusitik Nanga Parbatera joanda. Hortik aurrera, horrelako espedizio bat neguan egiteak bere baitan dituen xehetasunak, sentimenduak eta zailtasunak kontatzen ditu Txikonek. «Liburua askoz ere luzeagoa da eta beste momentu batzuetako detaileak zehazten ditu: tontor atakea, bidaia edo Islamabadera iritsi eta ‘Athletic Club, Aritz Aduriz’ esaten dizutenekoa», adierazi du Txikonek.