03 NOV. 2020 Iztueta baserria izendatu dute EAEko abere ustiategi onena Lazkaoko Iztueta baserriak EAEko abere ustiategi hoberenaren XX. edizioko txapelketa irabazi du, esne-behien kategorian. Urte «zaila» izan den arren, denbora askoan «bertakoaren eta kalitatearen» alde egiteak ekarri die aurtengo albiste ona, arduradunen esanetan. GARA DONOSTIA EAEko abere ustiategi hoberenaren XX. txapelketako sari emateak ez du aurtengoan ohiko ekitaldirik izan, baina bai sarituak. Iragan ostiralean jakinarazi zuten Lakuako Gobernuak eta Bizkaiako, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek esnekiak ekoizten dituen Iztueta baserria dela esne-behien kategorian irabazlea. Berrogei behi inguruko aziendarekin, jogurtak, izozki naturalak, baserriko esnea eta gazta egiten dituzte Iztuetan. Lazkaoko Iztueta baserriarekin batera, 284 abere ustiategik hartu dute parte guztira aurtengo txapelketan; 105 Arabakoak, 102 Gipuzkoakoak eta 77 Bizkaikoak. «Pozik» hartu dute saria Iztuetako arduradunek. «Urte askoan egindako lan onaren ondorioa da saria. Gure lana modu jasangarrian egiteagatik eta lurrari lotutako nekazaritza egiteagatik emandako saritzat ulertzen dugu», nabarmendu du Eñaut Sala Insaustik. Hain zuzen ere, produkzio metodoetan baliabideen kudeaketa iraunkorra bermatzen duten ustiategiak saritzen ditu abere ustiategi hoberenaren sariketak. Iztuetan egiten duten lana «ingurugiroari errespetuzkoa eta denboran iraunkorra izango den jarduera jasangarriaren» testuinguruan kokatzen da, arduradunaren arabera. Nabarmendu du Iztuetakoa ustiategi txikia dela, eta gehienbat Goierri inguruan lan egiten dutela. Horregatik, «kolpe handia» jasan zuten lehen konfinamenduan inguruko ostalaritza-denda, ikastolak eta esnekien ustiategiarekin lotura zeukaten enpresak itxi zituztenean. Hala ere, denda txikien eta supermerkatuen bidez funtzionatzen jarraitu du Iztuetak. «Supermerkatu eta denda txikiek gure sarrerak izaten lagundu digute», azaldu du Salak. «Soldata duin bat ziurtatuko duen baserri baten alde» egiten dute lan Iztuetan. «Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik ahalik eta lanpostu gehien sortzea da erronka. Landa eremu bizi bat behar dugu, non baserriak aktibitate ekonomikoa izango duen, eta ez den soilik bizileku izango», aldarrikatu du Salak. Koronabirusak abeltzaintzan eragin duen egoerari buelta emateko, lehen bezala, «kalitatea eta bertako produktuak» lehenetsiko dituzte Iztuetan, hori baita, Salaren iritziz, bezeroek baloratzen dutena. POLITIKA AKTIBOAKNekazaritza politika aktiboak behar direla aldarrikatu du Eñaut Sala Iztueta baserriko arduradunetako batek. «Gu bezalako baserritar txikien lana aitortu eta bultzatuko duten politikak», azaldu du.