GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Estatusa baduela ikusi du Artolak

Erremateetan, batez ere gantxoarekin, finegi aritu ez zen arren, oinarrizko alorretan, sakean eta errestoan esaterako, sendo egonda, ondo gailendu zitzaion alegiarra Jon Ander Peñari estreinakoan.


ARTOLA 22

PEñA II 15


Badira joko maila ikaragarrian egoteagatik irabazitako partidak, baita errematean bikain asmatu edo kolpez aurrera ateratakoak, baina baita ofizioz edo arerioaren ahulguneak ondo baliatzen jakiteagatik eramandakoak ere. Iñaki Artolak askotan berak ere sinetsi ez duen estatus bat baduelako atera zuen aurrera Jon Ander Peñaren aurkako Lau eta Erdiko estreinako lehia beti deserosoa.

Errematean, batez ere ezker gantxoarekin, bere sasoirik onenetik urrun xamar dagoela sumatu ahal izan genion alegiarrari, baina hala ere partidan egoten jakin izan zuen, eta sake eta errestoarekin zuzen moldatzea nahikoa izan zuen iazko promozio mailako txapeldunari gailendu ahal izateko.

Arriskuak hartuta

Partidako tantorik politenek eta ikusgarrienek Jon Ander Peñaren sinadura izan zuten, zabalean egindako erremateek esaterako, baina, jokoan behar adinako jarraitutasunik ez zuen izan tolosarrak. Hasieratik asko arriskatu zuen erasoan, eta horrek alde batzuk ere eman zizkion markagailuan (5-7), baina huts gehitxo pilatu zituen, tartean sakez egindako bi falta eta, konfiantza galduta, partida erditik aurrera amore eman zuen. Azken bi urteetako txapelduna, Joseba Ezkurdia, izango du zain Artolak.

Ezkurdia-Martijak osatuko dute Binakako finala

Joseba Ezkurdia eta Julen Martijak osatuko dute urriaren hasieratik Olaizola II.a-Urrutikoetxea sailkatuta zituen Binakakoaren finala, ostiral gauean Asier Agirre-Albisuri 22-9 irabazi ostean. 662 pilotakadarekin, partida azken emaitzak iradoki dezakeena baina gogorragoa izan zen, batez ere lehen erdian gauzak nahikoa orekatuak egon zirelako.

Lehiaren hasiera oso orekatua suertatu zen eta atzelariek protagonismo gutxi utzi zieten aurrelariei, aukerako pilota gutxi utzi baitzituzten Jon Ander Albisuk eta Julen Martijak. Hori bai, bere lehen finala jokatuko duen Etxeberriko atzelariak oso ondo eutsi zion goierritarrari, ez zion bizkarrik ikusi eta apenas egin zuen hutsik. Partidak aurrera egin ahala, Albisu ez zen ordura arteko segurtasunari eusteko gai izan eta azkenerako Ezkurdiak erabaki zuen. J.O.