GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
IKER LAUROBA
MUSIKARIA

«Nire ‘udaberri’ propioa sortzen saiatu naiz, estilo ezberdinak erabiltzen»

Musikaren munduan Utikan eta Hamaika Bide taldeetan hasi ostean, anaia Haritzekin batera sortutako Lauroba proiektuarekin ezagutu genuen Iker Lauroba 2004an. Taldeari agur esateko garaia iritsi zitzaion 2018an, baina oholtza gainean jarraitu du Iker Laurobak. Orain dela bi urte abiatu zuen urtaroen proiektua, «Udazkena» diskoarekin. «Negua» iritsi zen iaz, eta «Udaberria» aurkeztu digu NAIZ Irratian.


Guztiok negu eternala izan den 2020 petrala honi agur esan nahi diogu lehenbailehen. Zuk, berriz, jada ekarri diguzu zure «Udaberria».

Ekarri dut oso udaberri subjektiboa. Azkenean, udaberria urtaro zabala da, edozeinentzat gauza ezberdinak iradoki ditzake: batzuentzat izango da loratze urtaroa eta beste batzuentzat alergia urtaroa. Bakoitzak hobeto edo okerrago biziko du. Egia da ere udaberria oso aldakorra dela. Disko honetan saiatu naiz nire ‘udaberri’ propio ahalik eta zabalena sortzen, ohikoak ez diren estilo batzuk erabiltzen. Letren aldetik ere saiatu naiz koloretsuagoak eta argitsuagoak izan daitezen, alaiagoak. Orokortasunean disko osoa entzunda, nik uste dut bai eramaten zaituela udaberri batera.

Diskoan alaitasunak badu lekua, baina melankolia puntutxo bat ere agerikoa da. Bere-berezkoa duzu melankolia puntutxo hori?

Bai, beti [barreak]. Pertsona alaia naiz, baina konposatzerako orduan bakoitzak badu bere estiloa, ateratzen zaiona, eta nik ez diot horri uko egiten. Musika estilo horretan ateratzen zait, horretan egoten naiz eroso, eta egia da bai melodietan bai letretan melankolia badagoela.

 Beraz, Iker Laurobaren «kriptonita» bada goitik bera disko alai bat egitea?

“Uda” diskoa orain ari naiz prestatzen dagoeneko eta baditut jada bost edo sei abesti konposatuta, eta horietako pare batek badute bai melankolia puntua. Beraz, “Uda” ere ez da ehuneko ehun alaia aterako!

 «Udaberria» laneko kantak itxialdi garaian egin zenituen?

Grabatu bai, ia osorik itxialdi garaian grabatu nuen diskoa. Hori bai, diskoaren parterik handiena konfinamendu garaian grabatu arren, konposatuta aurretik neukan. Gero egia da kolaborazio guztiak ezin izan genituela orduan egin. Konfinamendua pasata jendea jada etor zitekeen eta orduan hasi ginen azken gauzak grabatzen.

Zerrendatu egin ditugu diskoan agertzen diren musika instrumentuak: baxua, pianoa, sintetizadoreak, «cavaquinho»-a, gitarra, ukelelea, perkusioa, mandolina, Hammond organoa eta bateria. Bestearen bat ahaztu al zaigu?

Bai, abesti batean banjoa dago! Hala ere, batzuk “txapurreatzen” besterik ez dakit. Adibidez, cavaquinho-a edo mandolina jotzen ditut nire musika grabatzeko, gauza sinpleak egiten, baina ez naiz mandolina jotzailea.

Etxean grabatu duzu ia guztia. Nahiz eta lagun dezente aritu diren instrumentuak gehitzen, produkzioa zurea izan da.

Zaila egiten da disko bat estudio batean grabatzeko beharrezkoa den diru guztia bi urtetik bi urtera aurreztea. Orduan, hautu bat egin behar izan nuen: disko bat sei urtean behin atera edo benetan barruan dudan musika hori egiten saiatu beste era batean. Orduan, soinu txartel bat erosi nuen eta hasi nintzen gauzatxoak egiten. Esperimentu moduko bat izan zen, baina oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin. Oro har esan dezaket nire etxean grabatutako laugarren diskoa izanda, harro nagoela bai grabazioaz bai produkzioaz ere. Hori bai, etxean bertan lanean aritzean, azkenean ez dut hainbeste pentsatzen disko batean, baizik eta abesti bakoitza hartzen dut eta abesti bakoitza hasieratik bukaerara amaitzen saiatzen naiz. Asko gustatzen zaidan lana da; gustuko dut nire lasaitasunaren baitan lanean aritzea, nire estudioan sartuta.

Nondik sortu zen urtaroen proiektu hau?

Kasualitatez izan zen. “Udazkena” diskoan bazegoen Jon Garmendia Txuria idazlearen letra bat, “Le soleil se lève” izenekoa, berak idatzitako poema bat. Ordenagailuz idatzita beharrean, poema eskuz idatzita bidali zidan, argazki batean, eta behean data jartzen zuen: «2018ko udazkena». Gero konturatu nintzen abesti gehienak zeudela konposatuta udazken horretan. Gainera, garai horretan etxeko pianoarekin grabatu nituen eta egur askoz zegoen tartean... Disko osoak zuen udazken kolorea. Behin disko bat eginda, esan nuen, «zergatik ez urtero urtaro baten diskoa egiten saiatu?»

Literaturan badago antzeko kasu bat, Ali Smith idazle eskoziarrak «Seasonal Quartet» (Urtaroen laukoa) lana egin du. Elkarrizketa batean esan zuen literatura hilik dagoela «ez badu bizitzarik transmititzen». Musikan ere gertatzen da?

Bai, guztiz. Azkenean, musika ere sentitzea da eta badago jendea musika gustatzen ez zaiona, baina musika horrek sentiarazi behar dizu zerbait, eta lortzen baldin badu, hori da bizirik dagoen seinale.

 «Udaberria» abestia aukeratu zenuen single bezala. Diskoaren lehenengo kanta ere bada.

Kontzienteki egin nuen. Beste izenburu bat zeukan hasieran, baina “Udazkena” diskoan “Udazkena” kanta dago, “Negua” diskoan “Negua” kanta... Beraz, “Udaberria” diskoak ere behar zuen “Udaberria” abestia. Oso zaila da lehen kanta aukeratzea. Azkenean, oso garrantzitsua da disko bati play ematen diozun unea, entzulea orduan engantxatzen baituzu edo ez. Adibidez, Spotifyn. Norbait disko batera sartzen bada eta lehen abestiaren lehen 15 segundoak ez bazaizkio gustatzen, diskoz aldatuko du. Horregatik da “Udazkena” bai singlea bai diskoa hasten duen kanta.

Eta oso bideoklip polita egin diozue. Non dago grabatuta?

Zumaian eta Igeldon. Ez zigun denbora eman Zumaian dena egun berean amaitzeko, eta, orduan, ni uretatik ateratzen naizen parte hori Igeldoko arroketan grabatuta dago.

Hernaniko Biteri kultur etxean aurkeztu zenuten diskoa. Nola izan zen kanta hauek lehen aldiz zuzenean jotzea?

Guk ez genuen saldu aurkezpen kontzertu moduan. Egoera dagoen bezala izanik, nire estudio txikian entseatzen dugu, eta Donostian bizi diren taldekide bakarrak Andoni bateria jotzailea eta ni gara. Beste lau taldekide daude Donostiarekin mugakide ez diren herrietan bizi direnak, eta orduan ezinezkoa izan dugu entseatzea. Zaila da, lortu dezakezulako baimena kontzertu baterako, baina entseatu ahal izateko kontratu profesional bat behar duzu... Orduan, pentsa, “Udaberria” abestia soinu proban jo genuen lehen aldiz, eta gero ja kontzertuan... Gure asmoa da urtarrilean kontzertu bat ematea Donostiako Kafe Antzokian, eta ea ordurako baimenekin nola gabiltzan... “Udaberria” laneko bost abesti sartu nahi ditugu errepertorioan.

 Bost abesti ondo dago disko berri bat aurkezteko. Izan ere, zaleek ez dute nahi izaten abeste guztiak berriak izatea, ezta?

Ni ez naiz horren oso aldekoa. Leire Berasaluzek eta biok abesten dugunean, kontzertuen aurretik aukeratzen ditugu kantak. Horrekin oso gauza bitxia gertatu zitzaigun La Farandula tabernan. Irailean izan zen eta konfinamendu osoa generaman elkarrekin jo eta abestu gabe. Hara iritsi ginen zerrendarik gabe eta bost kanta generamatzanean ez ginen gogoratzen diskoan zein abesti jotzen genituen! Norbaitek mugikorra ekarri behar izan zigun Spotifyrekin abestien zerrenda ikusteko...

Etxeko kontzertuak egiten genituenean zaku batean sartzen genituen 30 abesti eta jendeak ateratzen zituen. Oso polita zen.

Udaberria bukatzen denean, uda dator. Eta zure hurrengo diskoa «Uda» izango da ondo bidean. Abesti batzuk prestatzen hasi zara. Zein uda giro edukiko dugu zurekin?

Abesti bat nahiko pop estilokoa da, beste bat bosanova kutsukoa, badut Kubako son bat ere... Latinoamerikako musikatik zerbait hartzen saiatuko naiz...