GARA Euskal Herriko egunkaria
HIDROFOIL

Foil surfing: Olatuekin batera surfean, baina airean hegan

Uhinen laguntzaz gutxieneko abiada lortu ostean surflaria airean jartzen duen kirola gero eta arrakasta handiago izaten ari da. Duela hiru urte komertzializatu zenetik sekulako hedapena izan du, eta hasiera besterik ez dela dirudi. Baina zer da foil surfinga?


Kirol berria dela dirudien arren, «hidrofoil» teknologiak ibilbide luzea du. Enrico Forlaninik 1898an patentatu zuen lehen aldiz sistema eta hamar urte geroago, 1908an, Alexander Graham Bellek eta Casey Baldwinek lehen esperimentuak egin zituzten hidrofoil ontzi batekin. Ordutik, XIX. mendean zehar sistema pixkanaka garatuz joan zen eta egun arlo eta kirol desberdinetan erabiltzen da.

Hidrofoil sistema itsasontziak azkarrago joan eta aldi berean erregai gutxiago erabiltzeko asmatu zen. Oinarria “T” formako lema handi bat da. Gutxieneko abiadura hartzen duenean lema itsas azalera igotzen da eta aldi berean gainean daraman ontzia altxatzen du. Modu horretan, ontziak kontrako marruskadura indar gutxiago du eta abiadura handiagoa hartzen du.

Sistema hau ur gainean flotatzen duen edozein gailurekin ibil daiteke, eta baita flotatzen ez dutenekin ere, zeren abiadurari esker ur azalean lerratzeko aukera eskaintzen du. Adibidez, eskiekin ur gainean zutik mantentzea ezinezkoa da abiadurarik ez bada. Ordea, ontzi baten laguntzarekin bultzatuta har daitekeen abiadari esker ur gainean eskiekin ibil daiteke.

Hasiera batean ontzi baten laguntzaz edo uretako moto baten laguntzarekin lortutako abiadura baliatzen zen ur azalera atera eta «airean» ibiltzeko, baina egun abiadura hori lortzeko bitarteko desberdinak erabil daitezke. Esate baterako, oihal baten eta haizearen laguntzaz lortutako bultzada erabil daiteke gainazalera ateratzeko, edo uhin baten bultzada ere balia dezake surflariak taula altxatu eta «airean surf egiteko».

Duela hiru urte merkaturatu ziren hidrofoil sistema erabiltzen duten taulak eta ordutik edonoren esku dago kirol berri hau egitea, nahiz eta hasiera batean materiala garestia den.

Mila euro behar dira gutxienez lehen ekipoa eskuratzeko, hau da, taula eta lema. Garestiena lema izaten da, 1.000 eta 2.000 euro artean balio dezake ohiko lema batek, eta taula arrunt batek, ostera, 500 eta mila euro bitartean balio ditzake, baina lehen ekipoa mila eurotan eskura daiteke. Horregatik, egun foil surfing egiten duten zale gehienen adina 30 eta 50 urte bitartekoa da. Hau da, hasteko beharrezkoa den materiala eskura dezakeen jendeak egiten du gehienbat.

Pauso bat ur gainean

Dana Browns filmegileak “Step into the Liquid” (pauso bat ur gainean) surf filma argitaratu zuen 2003. urtean. Film hartan lehen aldiz hidrofoil sistema erabiliz surf egin zitekeela erakutsi zuen Laird Hamiltonek. Hawaiiar ilehoria eskiatzeko botekin taula bati oinak atxikita uhin gainean surf egiten agertzen zen, sekulako abiadan, ur azaletik metro bateko altuerara, baina ez zen edonork egin zezakeen zerbait, uretako moto baten laguntzaz hartzen baitzituen olatuak. Alegia, irudiak ikusgarriak ziren, baina edonoren esku ez zegoen materiala behar zela zirudien.

Urrats asko eman ziren hurrengo urteetan, baina betiere, gutxi batzuek egin zezaketen kirol bat zirudien, 2017. urtean Lift Foils marka lemak eta taulak saltzen hasi zen arte. Ordutik, gero eta gehiago dira hidrofoil sistema erabiliz modalitate desberdinetako kirolak egiten dituzten zaleak.

Modalitate desberdinak

Egiaz, itsasoan egiten den edozein lerra kirol egin daiteke hidrofoil sistemarekin, betiere behar adinako sakonera baldin badago, zeren lema taularen azpialdean metro bat beherago dagoela kontuan hartuta, abiadurarik ezean lemak hondoa jo dezake. Hots, abiadura hartu arte gutxienez metro bat baino gehiagoko sakonera dagoen lekuetan erabili behar da.

Itsas kiroletako modalitate guztietan erabil daiteke hidrofoil sistema eta ariketa berberak egin daitezke, baina urarekin talka egin gabe, beti airean. Olatuak indar gehien duen lekua bilatzea ere garrantzitsua da abiadura gehiago hartzeko, baina olatua amaitu ostean, abiadura hori balia daiteke itsaso zabalera joateko, berriz ere taulan etzan eta arraun egin beharrik izan gabe.

Windsurf egitean haizeak oihala puzten duenean mugitzen da taula eta windsurflaria ur azalean lerra daiteke olatu baten laguntzarik gabe. Hidrofoil sistemarekin ere gauza bera da, baina taula ez doa ur azalean lerratzen, airean baizik.

Stand up paddle egiteko ere posible da taularen gainean zutik egotea, oinarri sendo batekin eta arraunaren laguntzarekin surflaria zutik egon daiteke, ordea, gizakiaren arraun egiteko gaitasunarekin ezin da taula altxaraziko duen adinako abiadurarik hartu, beraz olatu baten bultzada beharrezkoa da foil lemak taula ur azaletik altxatzeko.

Foil surfing egiteko ezinbestekoa da olatuaren bultzada. Surflaria taula txiki eta zabal baten gainean doa arraun egiten, baina azpian metro bateko luzera duen lema bat du, eta gainera “T” forma du, beraz galga egiten dio, eta kosta egiten da arraun egitea. Aitzitik, olatua iristen denean norabide egokian arraun eginez gero olatuak azpialdean izaten duen uhin modukoa hartzen du lemak, eta orduan, itzelezko abiadura hartuko du, taula ur azaletik altxatuz.