GARA Euskal Herriko egunkaria

Ildo beretik jo du Malagonek hirugarren ipuin sortarekin

Aurreko bi ipuin liburuetan abiatutako ildoari jarraipena eman dio Ana Malagonek hirugarrenean («Ez dakit zertaz ari zaren», Elkar). Berrikuntza batzuk sartu baditu ere, irakurleek aurreko bietan topatukoen antzeko ipuinak aurkituko dituztela azaldu du idazleak.


Aurreko liburuen ildotik segitzen du Ana Malagon idazleak “Ez dakit zertaz ari zaren” (Elkar) lanean. Lehenengo liburuan (“Lasai, ez da ezer gertatzen”) mikroipuinak ziren. Orain, berriz, luzeagoak dira, ipuinak, “Gelditu zaitezke gurekin” bigarren lanean bezala. Lau urte eman ditu zain Malagonek hirugarren lana argitara emateko, Xabier Mendiguren editoreak nabarmendu zuenez. «Hogei izan direla dirudi», onartu zuen Malagonek Donostian egin zuten aurkezpenean. Izan ere, «azken urtea hogei urteren parekoa izan da».

Gin-tonic edariarekin konparatu zuen Mendigurenek Malagonen lana. Elementu desberdinak nahastuz (tonika, limoia eta gina), bakarka ematen duten sentsazioak hobetu egiten dira. «Eta adiktiboa da», gaineratu zuen, gin-tonica gogoko ez dutenentzako ere liburu egokia dela azpimarratu ondoren.

Liburua inguruan zer gertatzen den ulertzeko saiakera dela adierazi zuen Malagonek. «Hori da egin nahi dudana», esan zuen. «Ez da introspekzioa», erantsi zuen. «Aurreko liburuak irakurri dituen jendeak ez du ezer berririk ikusiko. Ildo beretik doa, tonu bera dauka», aurreratu zuen Malagonek. Halere, hori ez da egia borobila, aurreko liburutik honetara berrikuntza batzuk sartu dituelako.

Badira berrikuntzak

Horietako bat kolektiboarena da. Aurreko liburuetako istorio guztietan protagonista pertsona indibiduala zen. Pertsona jakin eta definitua gehienetan. Hori gertatzen da liburu berriko ipuin gehienetan ere, baina badira bizpahiru protagonista dituztenak ere. Emakume talde bat edo ikastola bateko klaustroko irakasleak dira kasu horietan protagonistak. «Orain arte ez nuen horrelakorik egin», azpimarratu zuen Malagonek. Horrekin batera, aurreko bi liburuetan ipuinak beti lehen pertsonan idatzitakoak ziren. «Hemen ikuspegiak tartekatu ditut», esan zuen.

Beste berrikuntza bat ipuin pare bat «errealitatearen eta distopiaren arteko mugan kokatu» nahi izan dituela da. Babesa ez izatearen sentsazioa landu nahi izan du. Sistemak barnean hartzen ez dituen eta kanpora botatzen dituen pertsonen abandonu sentsazio hori. Abandonu horretan murgilduta izatera kondenatutakoen bizimodua kontatu nahi izan du.

Familia, bikotea, bakardadea, gainetik kendu ezin diren zamak, ikusezinak diren etsaiei aurre egiten dietenak, erabaki txarrak hartzen dituztenak... Horra hor Malagonen liburuaren osagaiak. «Itxaropenerako zirrikituren bat edo beste bada», gaineratu zuen.

Malagoni zorroztasuna eta ironia uztartzen dituela esan zion Mendigurenek. «Zorrotza naizela esaten didate. Oskol horretatik ateratzen saiatu naiz. Pertsonaia miserableak lantzen ditut, baina nondik datozen, zer nahi duten azaldu nahi izan dut. Enpatia eragin. Hor sortzen da ironia, babesleku bezala. Hainbat pertsonaia nirekin ados egongo dira», erantzun zion.

Aurreko liburua argitaratu zuenetik lau urte pasa badira ere, horrek ez du esan nahi tarte luzea idatzi gabe egon denik. Oxigenaziorako unetxo bat hartu ondoren, ipuin berriak sortzeari ekin zion. Horretarako, inspirazio iturri ugari erabili izan ditu: aldizkari batean irakurritako erreportaje bat, lagun batek beste bati kontatutakoa, ikusi duen zerbaiten detailetxo bat bertatik tiraka egin ahal izateko... «Denetatik dago».