12 JUL. 2021 Gizarte bazterketa arriskuan diren haurrentzako udalekuak abian dira Laugarren urtez jarraian, Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak udalekuak antolatu ditu Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen uztailean zehar. Bertan, gizarte bazterketa arriskuan eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden sei eta hamabi urte bitarteko 300 haur baino gehiago ari dira parte hartzen. GARA bertan izan da, udaleku horien nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko. «Hezkuntza errefortzua egiten dugu», adierazi dute antolatzaileek. Iraide IBARRONDO BARAKALDO Uztaileko goiz eguzkitsu batean, Barakaldoko CRIA eraikineko atarira hurreratzean, haurren zalaparta entzuten da. Batzuk lasai-lasai kartetan jolasean eta algaraka dabiltza. Beste batzuk, elkarri mokoka. Bada eraikinaren barrualdetik atea baino zabalagoa den plastikozko mahai bat atera ezinean dabilen lagun talde bat ere. Haurretako bakoitza bere xelebrekerietan murgilduta dago. Baina guztiek dute komunean Save The Childrenek antolatutako udalekuetan daudela. Aurtengoa gobernuz kanpoko erakunde horrek antolatzen duen udako ekimenaren laugarren edizioa da. Baina ez da Barakaldora mugatzen: Bilbon eta Gasteizen ere antolatu dituzte. Hiru udalerri horiek aukeratzeko erabili dituzten irizpideak argiak dira: langabezia tasa eta familien barne arazoak. 2021eko maiatzean, Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen erregistratutako langabezia tasak %13,85, %13,93 eta %11,64koak ziren, hurrenez hurren. Gainera, pandemia tarteko, familia askok aldi baterako enplegu erregulazio espedienteei eta prekaritateari aurre egin beharrean eta ezegonkortasun ekonomikoan murgilduta aurkitu dute beren burua. Hori horrela, gizarte bazterketa arriskuan dauden sei eta hamabi urte bitarteko umeek osatzen dute udaleku hauetako partaideen gehiengoa. Horietako asko gizarte zerbitzuetatik edo eskoletatik eratorritakoak dira. Kopuru txikiagoan, familia gurasobakarren seme-alabek, diru-sarrerak bermatzeko errenta oso baxua dutenek eta ikasketa arazoak dituztenek ere hartzen dute parte. Bitxikeria pare bat kenduta, ohiko udalekuak dira. Hamabost eguneko bi txandatan banatuta daude eta txangoak, jolasak, batzarrak, tailerrak eta baratze txikiak dira nagusi, Euskal Herriko beste edozein txokotan bezalaxe. Hezkuntza errefortzua Hala eta guztiz ere, Barakaldoko Save The Childrenen udalekuen zuzendari Nekane Marañonek egonaldion berezitasunak azpimarratu ditu: «Hezkuntza errefortzua egiten dugu. Elikaduraren arloa asko landu eta sentsibilizazio handia egiten dugu birziklapen zein osasun arloetan». Hezkuntza errefortzuaren kasuan, «fitxak» eta «material txostenak» dituzte prestatuta udan ikasturtearen errepasoa egiteko. Dena den, euskarari dagokionez, gabezia handiak dituzte. Salbuespenak salbuespen, haurrek zein begiraleek gaztelaniaz egiten dute nagusiki. Gainera, haurrek etxean ere ez dute euskara jasotzen. Marañonen esanetan, euskara «pixka bat» dakiten hiru edo lau guraso egongo dira gehienez Barakaldoko udaleku honetan. GKEak hezkuntza errefortzua bultzatzen du urte osoan zehar. Arratsaldeetan ikasketa arazoak dituzten haurrei laguntzen diete CRIAko eraikineko gela berri eta argiztatu batean. Ordu eta erdiz hezkuntza errefortzua lantzen dute eta beste ordu eta erdiz ekintza ludikoak dira nagusi. Hori horrela, Leire Palomero begirale eta gizarte hezitzaileak azaldu du matrikulatutako haur gehienak «ikasturte osoko jarraipena» izan dutenak direla. «Udalekuak lan horren azken muturra dira», gehitu du Marañonek. Udalekuak jarraipen bat diren arren, helburuak argi zehaztuta dituzte. «Bakoitzak bere burutik abiatuta mundua ezagutzea eta bide horretan etapa bakoitzaren ezaugarriak ezagutzea», azaldu du zuzendariak. Ildo berean, norberak «mundua hobetzeko» eta «etxeko egoera hobetzeko» zer egin dezakeen hausnarrarazten diete umeei dinamika eta tailerren bidez. Bigarren maila batean, Marañonek adierazi du umeek «ohitura osasuntsuak» eta «garapen integral» bat izan dezatela lortu nahi dutela bai hezkuntza aldetik, baita aisialdi aldetik ere. Senideen parte-hartzea Familiek aktiboki hartzen dute parte udalekuetan. Txangoetara begiraleekin joan daitezke eta dinamiketan ere parte hartzen dute. Emozio tailerrek berebiziko garrantzia izan dute. Izan ere, pandemiatik eratorritako krisi ekonomikoak familietan barne tentsioak eta ezinegonak sortu baititu. Marañonek familien figura oso garrantzitsua dela azpimarratu du: «Batzuetan ume batekin zaudenean zerbait arraroa dagoela nabaritzen duzu bere aldartean. Kasu askotan, familiarekin hitz egiterakoan jakiten da zer gertatzen zaion». Marañonek gehitu du gurasoen inplikazioa zenbat eta handiagoa izan, haurren garapena orduan eta «hobea» dela. Aisia pandemia garaian Kalean segurtasun distantziak mantentzen direnean maskararik ipini behar ez izateko baimenak askoz erosoagoak egin ditu udalekuak. Hala ere, begiraleak eta zuzendaria onerako harritu dira haurren portaerarekin, osasun arau jada ez hain berriei lotuta: «Gure artean gehien komentatu duguna izan da umeek zein ondo egin duten». Eskolan osasun neurriak behin eta berriz lantzen ibili ostean, ondo irakatsita heldu dira. Oraindik materiala ezin banatuta, une oro desinfektatzailea eskuan eta burbuila txikietan lanean dihardute. Profesionalek udalekuak askoz kaotikoagoak izatea espero zuten, baina «oso ondo» doazela aitortu dute. SORPRENDIDA/OEl permiso para no tener que colocar mascarillas cuando se mantienen las distancias de seguridad en la calle ha hecho que las colonias sean mucho más cómodas. Sin embargo, las monitoras y la directora se han sorprendido bien del comportamiento de los niños y niñas, ligado a normas sanitarias ya no tan nuevas: «Lo que más hemos comentado entre nosotros es lo bien que lo han hecho».