GARA Euskal Herriko egunkaria

Johnny Deppek jasoko du lehen Donostia Saria aurten

Johny Deppek jasoko du aurten Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena, eta pantaila handian egindako ibilbidea aitortuko zaio azken urteotan bere bizitza pertsonaleko gertakariengatik –sexu eraso salaketak tarteko– albiste izan den aktoreari. «Zinematografia garaikideko talentu eta moldakortasun handieneko aktoreetako bat» bezala goraipatu dute.


Urte luzez zineman egindako lanagatik ezagun egin da Johnny Depp. Ibilbide luzea du. Hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietarako; Golden Globe bat lortu du eta hamar aldiz izan da hautagai; Screen Actors Guild Award sari bat jaso du (gizonezko aktore onenarena), eta sari horietarako sei izendapen ere izan ditu; eta, azkenik, People's Choice Award sarien hamalaugarren edizioa irabazi zuen.

Ikus-entzunezko 90 ekoizpenetan baino gehiagotan hartu du parte antzezle gisa, eta hamar filmen ekoizlea ere izan da, besteak beste. Baina, pantailatik kanpo, bere bizitza pertsonalari lotutako albisteengatik nabarmendu da azken urteotan. Izan ere, Amber Heard bikotekide ohiak salaketa jarri zuen bere aurka sexu erasoengatik. Hainbat bideo zabaldu ziren. Amber aurpegia ubelduta eta biak elkarri irainka ikus zitezkeen irudietan. “The Sun” egunkari britainiarrak “emazteen erasotzaile” bezala deskribatu zuen aktorea 2018ko apirilean eta, Deppek difamazio salaketa jarri arren, epaileak arrazoia eman zion egunkariari.

Deppen azken lana “Minamata” (2020) da, Andrew Levitasek zuzendua; eta aipatzekoa da “Crock of Gold: A Few Rounds With Shane MacGowan” ere, Julien Templeren esanetara egina eta Donostia Zinemaldiaren azken edizioan Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena. Halaber, film laburrak zuzendu ditu, baita “The Brave” (1997) film luzea ere. Bertan Marlon Brandok parte hartu zuen.

Deppek 21 urterekin egin zuen debuta zineman, Freddy Kruegerren biktima gisa “A Nightmare on Elm Street” (1984) filmean. Urteak igaro ahala, batik bat 90eko hamarkadaren hasieran, hainbat rol protagonista jokatu zituen, hala nola, John Watersek idatzi eta zuzendutako “Cry-Baby” kultuzko filmean (Zabaltegi, 1990) eta Tim Burtonekin lehen aldiz lan egin zuen filmean: “Edward Scissorhands” (1990).

Hurrengo urteetan, protagonista izan zen izen handiko zinemagileekin lan egin zuenean: Emir Kusturica (“Arizona Dream”, 1992), Lasse Hallström (“What 's Eating Gilbert Grape?”, 1993; eta “Chocolat”, 2000), Tim Burton (“Ed Wood”, 1994; eta Sleepy Hollow, 1999), Jim Jarmusch (“Dead Man”, 1995), Mike Newell (“Donnie Brasco”, 1997) eta Terry Gilliam (“Fear and Loathing in Las Vegas”, 1998, Zinemaldian emandako filma, zehazki, Terry Gilliam atzerabegirakoan).

XXI. mendean, “Pirates of the Caribbean” sagako Jack Sparrow kapitainaren larruan sartu zen Depp (2003, 2006, 2007, 2011 eta 2017), belaunaldi berrietara iritsiz. Garai hartan, Oscar sarietarako hiru izendapen jaso zituen “Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl” (2003), “Finding Neverland” (2004) eta “Sweeney Todd: The Demon Barber of Fleet Street” (2007) filmetan egindako lanagatik.

Azken lan horregatik Urrezko Globo bat jaso zuen. Kontuan izan behar da sari entzutetsu horretarako beste bederatzi izendapen ere izan dituela antzezleak. Deppek jaso dituen sari guztien artean, nabarmentzekoa da, halaber, 1999an jasotako ohorezko Cesar bat. Sari bilduma horri Donostia Saria gehituko zaio orain.

Azken urteotan ere zinemagile ugarirekin egin du lan, hala nola hauekin: Martin Scorsese (“Hugo”, 2011), Gore Verbinski (“The Lone Ranger”, 2013), Rob Marshall (“Into The Woods”, 2014), Scott Cooper (“Black Mass”, 2015; Perlak), Kenneth Branagh (“Murder on the Orient Express”, 2017) eta Andrew Levitas (“Minamata”, 2020).

Deppek askotariko rolak egin izan ditu. Besteak beste, idazlea, polizia infiltratua eta bidelapurra izan da (ia beti pertsonaia moldakaitzak antzeztu ditu, nolanahi ere), eta aktore ospetsuekin egin izan du lan, hala nola hauekin: Marlon Brando, Faye Dunaway, Jerry Lewis, Penelope Cruz, Helena Bonham Carter, Javier Bardem, Kate Winslet, Mark Rylance, Dustin Hoffman, Judi Dench, Antonio Banderas, John Malkovich, Marion Cotillard, Forrest Whitaker, Al Pacino, Benedict Cumberbatch, Morgan Freeman, Benicio del Toro, Michelle Pfeiffer, Leonardo Di Caprio eta Christopher Plummer.

Johnny Depp hirugarrenez izango da Zinemaldian aurten; izan ere, 1998an Terry Gilliamekin etorri zen, eta 2020an ere izan zen Donostian, “Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan” ekoizpenean parte hartu zuelako.

Saria banatzeko ekitaldira joateko sarrerak irailaren 13an jarriko dira salgai. Hain zuzen ere, Manuel Martin Cuencak zuzendutako “La hija” filma –Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra eta Javier Gutierrez dira protagonistak– Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo eman aurretik banatuko da saria.