GARA Euskal Herriko egunkaria

Etxebizitza plan ausarta eskatzeko dei zabala

Azaroaren 20an «Vivre et se loger au pays!-Espekulazioari ez!» lemapean Baionan eginen den mobilizaziorako aldarrikapen zerrenda adostu dute etxebizitza, laborantza, kirol, sindikalgintza, kultura eta politikagintza arloetan jarduten diren ehun pertsona esanguratsuk.


Heldu den azaroaren 20an, etxebizitza eskubidea erdigunean ezarriko duen mobilizazioa eginen dute Baionan. Hitzordu horri begira aldarrikapen taula plazaratu zuten, atzo, Ipar Euskal Herriko ehun pertsonak.

Zerrenda zabal horretan, arlo ezberdinetako herritarren izenak agertzen dira, etxebizitza arloko egitura nagusietan lan egiten duten ordezkarietatik hasita. Horiekin batera, indarrak batzeko deiarekin bat egin dute gizarte, kultura, kirol, sindikalgintza, laborantza, elikadura burujabetza eta politikako ordezkari ezagunek.

«Azken hamarkadetan, etxebizitza duin bat eskuratzea benetako desafioa bilakatu da; are handiagoa, zailtasunetan direnentzat», adierazi dute lehen agiri horretan. «Hamaika arrazoi daude egoera jasangaitz hau esplikatzeko: lurraldearen ‘erakargarritasuna’, lurraren prezioaren gorakada, lur kudeaketa publiko eskasa, espekulazioa, bigarren bizitegien eta Airbnb gisako bizitegien biderkatzea eta abar», gaineratu dute ehun deitzaileek.

Bestelako etxebizitza politika bat plantan emateko sarritan azaleratzen diren ezintasunen aurrean, mezu eraikitzailea zabaldu nahi izan dute: «Egoerari aurre egiteko aterabideak existitzen dira eta horiek denok batera pentsatu behar ditugu».

Tokiko eragileentzako mezua

Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea bermatzeko, bai eta espekulazioa geldiarazteko ere, «borondate politikoa» galdegin diete ehun eragilek, hain zuzen, etxebizitza arloan ari diren eragile guztiei. Atzo plazaraturiko agirian hainbat neurri iragarri dituzte, «etxebizitzen eta lurren merkatuaren erregulazioa» defendatuz.

Bigarren etxebizitzen kopurua mugatzea planteatzen dute; besteak beste, neurri fiskalak ezarriz. Finean, etxebizitza «duina eta eskuragarria» izateko eskubidea benetan gauzatzeko «neurri ausartak» behar direla iradokitzen dute, hala nola alokairuen prezioa erregulatuz eta etxebizitza sozialen kopurua «azkarki emendatuz».

Sei sindikatutako eta beste hainbeste indar politikotako ordezkariekin batera, gizarte edo eremu sozioekonomikoko hainbat eragile esanguratsu ere batu dira deialdira. Batzuk soilik aipatzearren: Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua, Herrikoa, Atherbea, Lurzaindia, Euskal Herriko Laborantza Ganbera eta Alda.

Okupazioaren 100. eguna ospatuko dute Arbonan

Iragan ekainaren 23tik okupatuta duten lursailaren salmenta espekulatiboa geldiarazi ondoren, Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuak lanean jarraitzen dute Berroetako eremua laborantzarako izan dadila bermatzeko. Irailaren 9an jakinarazi zuten «behin-behineko garaipena» eskuan, lursailari buruzko negoziaketa prestatzeko bilera egin zuten hilaren 29an. Safer egitura lursailaren jabearekin harremanetan sartzea deliberatu zuten bilkuran. Laborantza lurrak babesteko misioa duen EPFL egituraren laguntzaz, lehenik ondasunaren balioa aztertuko dute. Edonola ere, bileran argi geratu zen saltzaileari lurra erosteko proposamena bideratuko zaiola. Salmenta bertan behera geratu ondoren, lursailaren jabeak hasierako prezioari eusteko asmoa berretsi zuen: 15 hektareako lursaila 3,2 milioi euroan saldu nahi du. Beraz, negoziaketa zaila aurreikusten da. Anartean, okupazioaren 100. eguna ospatzeko hainbat animazio antolatu dituzte heldu den astebururako Arbonan. Larunbat goizean, berriz, elkarretaratzea eginen dute Baionan, Euskal Elkargoak deituriko kontseilua abiatu aitzin. M. U.