GARA Euskal Herriko egunkaria

Frontoiko beharginei merezitako gorazarrea


«Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe» dio herri kanta baten ahapaldi ezagunak, eta ziur aski beste berri bat gehitu beharko litzaioke abesti horri, «zer litzateke pilota gazteenen prestakuntzan bizitza erdia frontoietan utzi duten ehunka eta ehunka pilotazale horien lan ordainezinik gabe» esango lukeena. Kontrakantxako behargin anonimo horietako zazpi omendu zituzten atzo Zumarragako Beloki pilotalekuan Pilotabizi elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Kluben Txapelketaren finalaren baitan. Zumarragako bertako Antonio Elizondo eta Jose Antonio Aldama, Tolosako Aurrera Saiaz klubeko Luis Galarraga eta Andres Aramendi, Zegamako Tartaloetxeko Juan Mari Gereñu, Burlatako Zugarraldeko Felix Miguel eta Amurrio klubeko Jon Guerrero izan ziren oroigarriez harago, bertaratutako gainontzeko pilotari ugarien txaloak eta berotasuna eraman zituztenak. Kirol arloan, Irurtzunek eraman zuen 2020koa behar zuen txapela, 2019an lortutakoa berretsiz, Lemoari (3-0) gailenduta. Arratiarrek eta euren zale animosoek ere merezi dute saririk.