10 NOV. 2021 Begiari tranpa «Fake, begiari tranpa» lanak egunotan ikusiko du argia Arriaga antzokiko agertokian. Gauzak ez dira diruditenak. Familia barruko bortxaketa da detonantea. Hainbat erpinetik begiratu dute, gezurra, nor bere jarrera... komedia tonuan hasi eta garraztuz doan obran. GARA BILBO Celia (Maria Urcelay), Xabier (Aitor Fernandino), Lucia (Leire Ucha), Uxue (Lorea Intxausti) eta Lucia (Albar Cirarda) aurkituko ditugu gaur eszenan euskarazko bertsioan. Gaztelerazkoan, bihar, Maribel Salak gorpuztuko du Celia, Gorka Minguez sartuko da Xabierren larruan, Gemma Martinez izango da Lucia. Lorea Intxaustik eta Albar Cirardak bi bertsioetan parte hartuko dute. David Caiñak idatzi du antzezlana eta zuzendaritzaren ardura egileak berak eta Gorka Minguezek hartu dute. Azken horrena da eszenografia ere. Maria Urcelayk itzuli du eta Erre Produkzioak da ekoizpenaren arduraduna. Gabon zahar gaua da. Lucia eta Celia, ahizpak; Xabier, Celiaren senarra; Pablo, Luciaren semea; eta Uxue, bere lehengusina; denak, gelditzen zaien bizitza osoaren lehen eguna dela ospatzen ari dira. Baina ospakizuna “begiari tranpa” bat baino ez da. Izan ere, amama benetako kanpaien aurretik ohera eramateko plantak egiten ari dira. Hori bai, behin amama lo dagoela, guztiak benetan diren bezala jokatzeko aukera izango dute. Eta orduan bertan hasiko dira arazoak. Fake, “faltsua”, terminoa, eremu digitalean erabiltzen da egun faltsua edo errealitatearen kopia bat izanik egiazko bezala erakusten den orori erreferentzia egiteko. “Tranpantojoa” edo “begiari faltsua”. Norbaiti, benetan ez dena erakutsi nahian egiten zaion tranpa edo iruzurra. Egunerokotasunari lotutako eszena bat aurkeztuko digute, urte berri baten sarreraren ospakizuna, baina afariak irauten duen bitartean gertatzen dena ez da ohikoa. Eta are gutxiago ospatu daitekeen zerbait. Izan ere, afariaren eta kanpaien arteko une jakin batean, bortxaketa bat gertatuko da. «Familia protagonistaren arteko harreman guztiek eztanda egingo dute», adierazi dute. Bortxatzaileaz dugun estereotipoa ez du beteko erasotzaileak. «Ez da, inondik inora, kalezulo batean bere biktimen esperoan dagoen izaki bortitz eta psikopatikoa. Bortxaketen gehiengoa sendiaren eremuan ematen dira eta ez dituzte erotutako pertsonek burutzen. Ez dira aurrez susmatu daitezkeen egintzak», jarraitu dute. «Existitzen den munstrorik beldurgarriena da. Izaki baten tankera hartzen duen horietakoa, ‘begiari tranpa’ bat», gaineratu dute. Bere semea berak pentsatzen zuen aingerutxo zoragarria ez dela deskubritzen duen ama baten istorioa da “Fake”. «Prozesu bortitz eta mingarria jasan beharko du, benetan gaizkile bat dela onartuz». Beti azpiratua, bere ahizparen arrakasten ondoan beti txiki sentitu izan den emakumearen istorioa ere bada. Istorioa kontatzeko denboran jauzi ugari emango dituzte, kronologia apurtu, «itzulerarik gabeko puntu horretara nola iritsi garen ulertu ahal izateko, eta aldi berean tamainako ekintza izugarri horren ondorioak eta horren aurrean familiako kide bakoitzak hartzen duen jarrera ulertzeko». Aldi berean, familien inguruko istorioa da, eta barnean ematen diren botere harremanen ingurukoa. Ekintza bera ez da eszenifikatua izango, irudikatu egingo da. «Ez da arrazoi dramatikoengatik hartutako erabakia, gogoeta etikoa baizik. Norbaiten borondatearen kontra gauzatutako ekintza sexual bat bortxaketa bat da. Ez dugu delituaren izaeraren inguruko eztabaida bat sostengatu nahi. Bilatzen duguna gure ingurua arakatu eta bertan aurkitu ditzakegun jarreren onargarritasunaren inguruko eztabaida sortzea da. Ama bat noraino iritsi daitekeen semea defendatzeko, edota berarenganako duen ikuspuntu idilikoa osorik mantentzeko, adibidez. Egia bat bakarra da eta eztabaidaezina, bortxatzaile baten amak horren kontra egin nahi badu ere. Eta hor dago gure gakoa; gezurra. Egon daitekeen gezurrik mingarriena. Gure buruari kontatzen dioguna, egia jasangaitza egiten zaigulako». Aldi berean, familien inguruko istorioa da “Fake”, eta horien barnean ematen diren botere harremanen ingurukoa. «Nola gehien maite ditugunei errealitatea ezkutatzen saiatzen garen edo gurasoen aurrean erakusten dugun nortasuna noraino aldentzen den benetako izaerarengandik. Gure pertsonalitatearen arabera, zelako botere rolak hartzen ditugun, edo ingurukoen izaerak markatuta», diote. Sare sozialen garaian bizi gara. «Gure buruaren irudi perfektua islatzen saiatzen gara bertan. Gero, denak, ‘begiari tranpa’ bat baino ez garela diogu, kexati. Baina hau ez da berria, antzinatik datorren estrategia da. Agian galdera hau plazaratu beharrean gaude: benetan, zerbait aldatu al da? Ez al dugu beti berdin jokatu? Ez al gara betidanik gure alderdi onak erakusten eta gure miseriak ezkutatzen saiatu?», galderak luzatu dituzte. Gezurraren inguruko esaldi ospetsu bat bada: «Gezurrak oso hanka motzak ditu». Obran ikusten denez, baina, «gezurrak hanka luze eta ilunak ditu, hanka beldurgarriak. Momentu konkretu batean ondorio latzak ekiditeko botatzen ditugun eta azkenean gure kartzela bilakatzen diren gezurrek adibidez. Barkamenaren aukera galdu duten gezur multzoa, isiltasunaren ozeanoan hondoratuak. Gezurra gure kondizio bilakatu da. Zenbat eta gehiagotan kontatu gezur bat gure buruari, gero eta gehiago sinisten dugu egia dela, eta hori da gezurretan okerrena. Egia da ihesean dioana. Egia da benetako hankamotza», amaitu dute. ACTITUDES«Ce que nous cherchδ, c & # 34; est à explorer notre environnement et à susciter un débat sur l & # 34; acceptabilité des attitudes que nous sommes et trouver», affirment les auteurs.