28 MAR. 2022 Pazko Erramu aitzin Jon GARMENDIA Idazlea Hosto berdeen artetik lore horixka ageri du ereinotzak kostako haltzadien artean. Laurus nobilis udaberri atarian, erramua, artadien artean ikusten nuena lehen, toki hezeagoan orain. Gogoan dut amona Joxepak erramu hostoa babei haizea kentzeko zerabilela, bezperako uretan beratzen jarrita. Puzkerrak, beraz, azari egotzi behar. Aste Santuko lehen eguna ereinotzak zehazten duela ere oroitzen dut, pazkorekin amaitzen den eta laster datorren opor astea, pazko igandean gure Aberri Eguna agidanean. Baina “Oinatz eta Ganboa”-ren revivala eginda, beti berex eta nehoiz gutxi elkartuta ospatzen dugunez, ahalge den zuhaitza hosto erorkorrez josia. Ohartuko bagina zenbat gutxitzen gaituen gure ezin elkartuak… «fugit amor». Benito Lertxundi «Primaderako liliak goizik ziren loratuak, urthe hartan gertatu zen Pazko Erramu baino lehen» kantatzen entzun nuenean ez nekien Mixel Labegueriek ezkondu aitzin haurdun izateari eransten ziola metafora. Jean Barbierrek lehenago idatzia zeukan bere “Supazter xokoan”: «Herriko bi gazteek elgar ikusten badute onez onean, gure atsoek ez dute deskantsurik bi adixkideak nahasi arte. Eta gazte hoik esposatu balinbadire, oi, Ama! hiru ilabethe iragan ere gabe, Phazko emanik Erramu baino aintzinago, xixtuz eta kantuz hasten dire liztor pullit hoik!». Esperantza dut halere, haize txarrak kenduta, gure herria indartuko dela urteren bateko pazko aitzin.