26 ABR. 2022 «Jostailu hautsi gehiagorik ez izateko» estrategia berri bat aurkeztu dute Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia aurkeztu zuen Beatriz Artolazabalek. Martxan jarritako kanpainaren leloak dioen bezala, helburua «jostailu hautsi gehiagorik ez» egotea da. GARA GASTEIZ EAEko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia aurkeztu zuen atzo, Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunean. Adierazi zuenez, tresna aitzindaria da, eta helburu hauek ditu: «Haur eta nerabeenganako indarkeria mota guztiak prebenitzea, gerta daitezkeenak azkarrago detektatzea, garaiz esku hartzea, haur eta nerabeei behar duten arreta eta babesa ematea, eta, ahal den neurrian, eragindako kalteak konpontzea». Gasteizen egindako aurkezpen ekitaldian, EDE Fundazioko Aholkularitza eta Ikerketa Sozialeko arduradun Ainara Cantok hurrengo lau urteetarako plan estrategiko honek aurreikusten dituen lau jarduera-ardatzak zehaztu zituen. Lehenengo ardatzak, «eskubideen sustapena eta prebentzioa azpimarratzen ditu. Estrategia horren bidez, indarkeriaren prebalentzia murriztu nahi da, gizartea, oro har, profesionalekin eta haur eta nerabeekin sentsibilizatzeko lanaren bidez. Funtsezkoa da tratu onaren kultura, erantzunkidetasuna, ingurune seguruak, haurren eta nerabeen eskubideak eta parte-hartzea sustatzea». Bigarren ardatzaren helburua da indarkeria kasuak edo indarkeria arriskua garaiz atzematea, horien eragina gutxitzeko. Horri dagokionez, «estrategiak arreta berezia jartzen du lehen mailako sozializazio edo hurbiltasun espazioetan diharduten eragileen zereginean, haurrei eta nerabeei komunikazio eta entzute kanal irisgarriak, hurbilekoak, konfidentzialak, fidagarriak eta seguruak eskaintzeko». Hirugarren ardatzak arreta integrala bermatzea du helburu, indarkeria egoeran dauden adingabeei laguntzeko, horiek babesteko eta dituzten beharrei erantzuteko, «biktima gisa, lekuko gisa edo agente egile gisa». Horretarako, plan estrategikoak aurreikusten du «espezializazioa eta pertsonalizazioa indartzea, bai eta erakunde edo entitateek egiten dituzten praktika desegokiei aurrea hartzea ere, haurrak eta nerabeak birbiktimizatzea ekar dezaketenak». Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren Aurkako Euskal Estrategian (2022-2025) jasotako laugarren ardatzaren helburua da hainbat erakunde eta gizarte eragileren arteko lankidetza bultzatzea, indarkeria mota guztiak hobeto ezagutzeko eta horiei erantzuteko eraginkortasun handiagoa lortzeko. Lakuaren esanetan, «Familien eta Haurren Zuzendaritzak gidatu, bultzatu eta koordinaturik, atzo aurkeztutako estrategiak Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde eta entitateen borondatean oinarritutako eta atxikimendu askearen bidez artikulatutako gobernantza-eredua ezartzen du». Sentsibilizazio kanpaina Estrategia sortzeko martxan jarritako prozesuan 80 bat neska-mutil eta nerabek ere parte hartu dute, eta beren ikuspegia eman dute eragiten dien indarkeriari buruz. Gaur bertan abian jarri den sentsibilizazio kanpainaren barruan, “Jostailu hautsi gehiagorik ez” lelopean, horietako batzuen testigantzak biltzen dituen bideo bat ikus daiteke. Ertzaintzak 2020an erregistratutako datuen arabera, 18 urtetik beherako 1.459 pertsona izan ziren delitu baten biktima, familia barruko indarkeria kasuak, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria kasuak eta familia eremutik kanpoko sexu askatasunaren aurkako delituak kontuan hartuta. Nesken kasuak mutilenak baino gehiago dira; zehazki, 2020an biktima guztien %54 izan ziren. VIOLENCIAEn cuanto al tipo de violencia, la más frecuente es la intrafamiliar. Representan el 45,5% de los casos registrados. En 2020 la Ertzaintza identificó a 664 chicos y chicas y adolescentes como víctimas de violencia en su ámbito familiar.matxismoaLos casos de violencia sufridos por parejas o exparejas han aumentado considerablemente (25%), así como los casos de violencia sexual (24,2%).