26 ABR. 2022 Lan prekarioa izango du jomugan ELAk Maiatzaren Lehenean ere Bizitzaren garestitzearen eta Hego Euskal Herriko 541.600 lan prekarioen aurkako ekimen eta kanpainetan murgilduta helduko da ELA aurtengo Maiatzaren Lehenera, eta egun horretarako «Borrokan ari gara - Prekaritatearekin amai dezagun» leloa hautatu du. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak goiz partean. GARA bilbo Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi antolakuntza arduradunak ‘‘Borrokan ari gara - Prekaritatearekin amai dezagun’’ lelopean eta bizitzaren garestitzearen eta 541.600 lan prekarioen aurkako borroka lehenetsiko duen Maiatzaren Lehena aurkeztu zuten atzo Bilbon. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzte manifestazioak: Bilbon, 11.30ean, Jesusen Bihotzetik; Donostian, 11.30ean, Alderdi Ederretik; Iruñean, 11.30ean, Gurutze plazatik; eta Gasteizen, 12.00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik. Lakuntzak salatu zuenez, enpresek inoiz baino etekin gehiago izan zituzten 2021ean, «baina gobernuek soldatak ez igotzeko deia egin dute». «Errenta-ituna deitzen diote. Zer da hori? Mahai batean patronalarekin eta gobernuekin esertzea, soldatak igo ez daitezen. ELAk ez du errenta-itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen», baieztatu zuen. Egungo egoeran, milaka pertsona egoera prekarioan daudela azaldu zuen eta «soldaten defentsa (KPIaren igoera) eta emakumeek pairatzen duten soldata-arrakala desagerraraztea dira sindikatuaren borroka nagusietako batzuk», zehaztu zuen. Era berean, ELAk salatu zuen Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago daudela egoera prekarioan (407.300, EAEn, eta 134.330, Nafarroan). Errealitate hori gehien jasaten dutenak emakumeak direla nabarmendu zuen eta «enplegu prekario horiekin amaitzea» dela sindikatuaren «zeregin nagusia». «Iruzur baten» alde ugariak Etxebizitzaren egoera ere nabarmendu zuten ELAko kideek: «Espekulazioari oztoporik jarri gabe, 80.000 etxebizitza hutsik daude, alokairu sozialeko parke publikoa hutsala da, eta etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa da biztanleriaren parte handi batentzat». «Iruzur baten aurrean gaude. Ura, eguzkia eta haizea gasaren prezioan ordainarazten dizkigute. Iruzurgileei iruzur egiten uzten zaienean, horixe egiten dute, jende arruntari iruzur egin», nabarmendu zuen Lakuntzak. Gaineratu zuenez, energia-enpresak «etekin historikoak lortzen ari diren bitartean, Sanchezen, Urkulluren edo Chiviteren gobernuek ez dute inolako neurririk hartu espekulazioarekin edo energia-enpresen etekin lotsagarriekin amaitzeko. Beste behin ere, politika botere ekonomikoaren menpe dago», ondorioztatu zuen ELAko idazkari nagusiak. Egun «dena gerraren errua dela sinetsarazi nahi digute», baina sakoneko arazoak lehenagokoak direla azpimarratu zuen. Gerrari dagokionez,«bakearen alde lan egiteak lehentasunezko erantzun politikoa izan behar du eta ELAk hori exijitzen jarraituko du». Bestalde, aurtengo Maiatzaren Lehen honetan ELAko kideek gogorarazi nahi izan dute botere sindikala sortzeko «antolatzea dela edozein militante sindikalen zeregin nagusi eta ekarpenik onena». Duela 110 urte baino gehiago ELAk bere sigletan elkartasun hitza agertzea erabaki zuela gogora ekarri zuten. «Elkartasun hori –nabarmendu zuten– ez litzateke posible izango sindikatuak antolatzeko aukera ematen duten afiliaturik gabe. Egun hauetan Euskal Herrian sektoreetan eta lantokietan egiten diren borrokak eta grebak ez lirateke posible izango milaka langileren konpromisorik eta antolaketarik gabe», azaldu zuten ELAko ordezkariek.