GARA Euskal Herriko egunkaria

Joseba Arguiñano, etxekoa munduan zeharreko esperientziekin aberasten

Jatetxean hazitako umeak bereziak direla esan ohi da. Joseba Arguiñanok txikitatik jaso zuen aita eta izebarengandik sukaldaritzarako grina. Etxean jasotakoa munduan zeharreko bidaietan bizitakoarekin aberastu du. Okasio berezietarako gustukoak dituen platerak bildu ditu lehen liburuan, hasiberriak zein arituak prestatzera anima daitezen.


Ogiak eta gozoak, euskal gastronomiako plater klasikoak eta bidaietan ikusi eta ikasitako jakiak, denak batera sartu ditu eltzean Joseba Arguiñanok (Zarautz, 1985). Emaitza, “Cocina con Arguiñano” (Planeta eta Bainet) liburua. Denera, 90 errezeta inguru jaso ditu, sukaldaritza erraza, dibertigarria eta modernoa egin nahian.

Madril, Bartzelona, Bilbo eta Donostiako kazetari andana bildu zen atzo Karlos Arguiñano jatetxean. Bertako txokorik preziatuenean, terrazan, itsasoa aurrez aurre zutela, egin zitzaien ongietorria eta gero jangelan dastatu zituzten liburuko lauzpabost plater goxo. Otarrainxka broxeta, porruz eta hirugiharrez betetako bao ogia teriyaki saltsarekin; txipiroi risottoa gazta eta txipiroi tintaren ali-oliarekin; zapoa amerikar erara; eta tiramisua, sagar tarta eta limoizko izozkia, bata bestearen atzetik –Aiala Eskolako ikasleek atondu eta zerbitzatuak– mahairatu zituzten jakiak.

Karlos Arguiñanok egin zituen anfitrioi lanak. Gustura, semearen ibilbidea ikusita. «Bera pozik egongo da, baina beste batzuek ere bai. Bai bere ama, bai bere izeba, bai ni. Baita langileak ere», aitortu zuen.

Bada urtebete proiektua abian jarri zutenetik. «Josebak gazteentzako kozinatzen du, baina, era berean, sukaldeko tradizioari lotuta dago eta gustukoa dugu hori», esan zuen Planeta argitaletxeko ez fikziozko alorraren zuzendariak, Angeles Aguilerak.

Aurrekoengandik jasotakoa ez dauka ahazteko Arguiñanoren bosgarren semeak. Nabari zaio. «Jatea elikatzea baino askoz gehiago» dela irakatsi ziotenak gogoan ditu liburuaren hitzaurrean.

Egun berezia zen atzokoa Joseba Arguiñanorentzat. Hunkituta ikusi genuen aitaren hitzak entzuten. «Gauza berriak ari gara egiten eta badirudi ez duela amaierarik», adierazi zion GARAri.

Ideia nola sortu zen galdetuta, hauxe kontatu zuen: «Errezeta mordoa dauzkat, baina ez jendeak irakurri eta etxean egiteko moduan idatzita. Telebistako saioaren aitzakian pausuz pausu prestatzen hasi naiz eta liburuan biltzea pentsatu dugu. Telebistako errezetez gain gustuko ditudan beste hainbat ere gehitu ditut».

Zortedun

Lehen liburua Planeta argitaletxearekin ateratzea ez dago edonoren esku. Zortedun sentitzen da. «Bainet eta Planetaren laguntzarekin –ibilbide luzea dute egina elkarrekin– niretzako erraza izan da. Luzea, lan egin behar izan dugu, baina horrelako lantaldearekin gauzak ondo ateratzen dira», esan zuen.

Joseba Arguiñano aurpegi ezaguna da telebistan. ETBn “Historias a bocados” eta “Sukalerrian” aurkezten ditu eta Antena3n, berriz, “Cocina abierta de Karlos Arguiñano” saioan kolaboratzen du, aitarekin.

Motibazioa

Sukaldean sartu eta platerak prestatzeko motibazioa eskaini nahi die zarauztarrak guztiei, izan hasiberriak ala arituak. «Errezeta bereziak, toke exotikodunak, masa ez hain landuak bildu nahi izan ditut», nabarmendu zuen.

Errezetek bere sukaldari nortasuna islatzen duten galdetuta, «ez da nik egunero jaten dudana, baina bai lagunartean edo familian ukitu berezia eman nahi diodan egunetakoa», argitu zuen. Surfeko taula besapean hartuta hara-hona ibili da hainbat herrialdetan eta horren isla ere bada liburua. «Gure bizitzan gastronomia betidanik presente egon denez, edonora zoazenean beti begiratzen duzu han ze merkatu, ze jatetxe berezi dauden. Osagai bereziak ezagutzea gustatzen zait, asko ikasten duzu. Euskal Herrian sekulako gastronomia dugu, baina munduan zehar beste gauza asko daude, oso goxoak eta aberasgarriak».

Askoren galdera da aitaren eta bere sukaldaritzaren arteko aldea zein den. «Gaztetatik bidaiatu eta eskola eta jatetxe berezietan ikasteko zortea izan dut. Beti ateak irekita eduki ditut, aitaren eskutik, Euskal Herrian, Katalunian, Frantzian edo Suitzan –Akelarre, Escriba, Thierry Bamas...–; eta baliatu dut bertan ikasi eta gero hona ekartzeko».

Sukaldaritzan egin zituen lehen pausuak familiaren jatetxean eta Eva izebari –hura Aiala Eskolan hasi zen irakasle– erreleboa hartu zion ogiak eta azkenburukoak prestatzen. «Beti aritu naiz bai gaziak bai gozoak kozinatzen. Jatetxean egin nuen lan bost urtez, eta denetarik egin behar dela irakatsi didate niri. Sukaldari baino ostalari sentitzen gara gu», zioen.

Ondoren etorri zen bere kabuz lantegia jarri, okindegiak eta kafetegiak ireki, eta kameren aurrean aitak egindako arrastoari jarraitzea.