GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren egokitzapenaz


NAIZ Irratiko Iker Gurrutxagarekin solasean ari nintzela telefonoz, artikulu bat aipatu zuen eta esan zidan agian ez nuela gustukoa izango diskoetxeen lana kritikatzen zuelako. “El Salto-Hordago” aldizkari digitalean Miguel Viziruelak idatzitakoa irakurri ondoren, ez nion iritzi hainbesterako zenik, baina Chill Mafia taldeari botatako laudorioek harritu egin ninduten.

Gutxi gorabehera esatera zetorren talde hori baino egokirik ez zegoela Euskal Herriko musikaren historian. «Euskal musikaren panorama guztia hankaz gora jarri dute, noiz eta establishment-aren sorkuntza artifizialak hondoa jo zuela zirudienean, erretromania ia gaixoarekin». Are, Chill Mafia etorri omen zaigu gauzak argi esatera euskara tartekatuz eta horrek «izugarri lagundu du hizkuntza desakralizatzen».

Artikuluak Chill Mafia goraipatu baino ez du egiten, eta ez dago kritikarik Estatuko musika enpresa handienetarikoak (Bilboko Last Tour) kudeatzen diolako management-a.

Aurreko batean Iñaki Dieguez musikariak Pascal Gaignek filmetako soinu bandak egiteko duen erraztasuna eta trebezia goraipatu zizkidan, ikusten ari garenari indarra emateko duen abilezia (gaixo denetik lan ikusgarriagoak egiten omen ditu, baina motelago). Eszenari doinurik egokiena ezartzeko gure sentimenduetara abiadura bizian hel dadin. Bakarrik musika entzungo bagenu, ez genioke garrantzirik emango doinuari. Irudiak ere doinu hori gabe ez du erakarpen berbera izango. Egokitzapenaren egokitasuna, bata bestea gabe hankamotz.