10 MAY. 2022 ASKABIDE Naroa Iturri: «Mobilizazioa giltzarri izan da» Donostiako Artzain Onaren katedraletik Gipuzkoan abortatu daitekeen klinika bakarrera prozesioa egin behar zuen larunbatean eskuin muturreko talde batek. Ez zuen lortu: herritarrek, mugimendu feministak deituta, prozesioa gelditzea lortu zuten. Mobilizazioa izan zen Naroa Iturri klinikako arduradunaren ustez «garaipen» horren giltza. A. RODRIGUEZ-A. ZURUTUZA DONOSTIA “Otoitz egitea ez da delitua” leloa ozentzera agertu zen ultrakatoliko eta faxista talde bat pasa den larunbatean Donostiara, Rezar No Es Delito plataformaren deialdira batuz. Bertan izan ziren Juan de Dios Davila Vox alderdiaren Gipuzkoako arduraduna eta Jose Castro Enraizados ultraeskuineko taldeko lehendakaria; eskutik eskura egurrezko gurutze handi bat pasaraziz, “Viva Cristo Rey” zizelkatuta zuena. Artzain Onaren katedralaren inguruetatik Easo kaleko Askabide klinikarako (Gipuzkoan abortatzeko dagoen bakarra) bidea egin behar zuten prozesioan, 18.30ean hasita, baina ehun herritar baino gehiago bildu ziren abortuaren kontrako martxa ekidin asmoz, talde feministen deialdiari erantzunda. Pasa den apirilaren 12tik Estatu espainiarrean legez debekatuta dago abortatu nahi duten emakumeak kliniken atarietan jazartzea. Geroztik, jazarpen horiek hiru hilabete eta urtebete arteko espetxe zigorrarekin edo komunitaterako lanekin zigortzen dira. Prozesioa geldiarazteko gakoa emakumeen mobilizazioa izan zen, Askabide klinikako arduradun Naroa Iturriren esanetan. Izan ere, Madrilen ere beste mobilizazio bat deituta zuten ultrakatolikoek, eta kasu horretan aurrera egin zuen. «Madrilekoa egin zen, klinika aurrean jarri ziren eta Polizia Nazionalak ez zuen ekidin», azaldu zuen atzo NAIZ Irratian Iturrik. Hori dela eta, berretsi zuen Ertzaintzak Donostiako prozesioa gelditzeko «giltzarria» mobilizazioa izan zela: «Ez dago zalantzarik, ikusita bertan bildu zen emakume mordoa, bazekiten ez zitzaiela komeni prozesioa baimentzea». Askabide klinikako arduradunaren esanetan «garaipena» da prozesioa ekiditea eta Easo inguruan bizitakoa «indar erakustaldia» izan zela baietsi zuen. Larunbateko mobilizazioaren amaieran, zera esan zuen Iturrik jendaurrean: «Ez dute lortuko. Emakumeak gure gorputzen jabe gara, gero eta ahaldunduago gaude. Egunerokoa da jazarpena, baina ozen esan diegu: nahikoa da, aski da!». Baina antiabortistak itzuliko direla uste du Iturrik, NAIZ Irratiari aitortu zionez. «Babes handia dute, juridikoa eta ekonomikoa, eta tamalez berriro etorriko direla uste dut, saiatuko direla», ohartarazi zuen. Deialdi berria ere egina dute jada: «Beraien webgunean ikusi dugu legea bertan behera geratu arte hilabeteko lehen larunbatetan elkartzen segituko dutela». Nahiko luke Naroa Iturrik larunbateko aurrekariarekin klinika parean egin ohi dituzten abortuaren aurkako mobilizazioak debekatuko balituzte, baina momentuz bere horretan segituko dutela uste du. Aspalditik datorren jazarpena Horrek esan nahi du berria ez den jazarpenak segida izango duela. Iturrik azaldu zuen antiabortistek urteak daramatzatela 2003an ateak ireki zituen Amarako klinikaren aurrean. «Denetarik izan dugu», salatu zuen. «Emakumeei eskuetatik heltzen zieten ‘etorri gurekin’ edo ‘guk lagunduko zaitugu’ esanez, berdin du zertara zetozen», azaldu zuen, eta ahozko erasoak ere izan direla gaineratu zuen, «‘hiltzaile batzuk zarete’ edo ‘hiltzen duenak hiltzea merezi du’ bezalakoak esaten zituzten». Gainera, Donostiako prozesioa deitu zuen Rezar No Es Delito plataformak mundu mailako kanpaina batekin egiten du bat, “40 egun bizitzaren alde”’ izenekoa. Garizuma garaian, 40 egunez kale egin gabe, klinika abortisten parean otoitz egitean datza kanpaina ultra horrek. Baita Donostiako klinikan ere, Iturrik esan zuenez. Besteak beste, orain gutxi arte Donostiako apezpiku izandako Jose Ignacio Munillaren babesa jasotzen du egitasmoak. Askabideko langileentzat «desatsegina» da antiabortisten jazarpena, baina Iturrik azpimarratu zuenez pazienteengatik dute kezka handiena: «Emakume asko berriro epaituak sentitzen dira, kulpa edo lotsa sentitzen dute batzuetan. Batzuk ezkutuan sartzen dira klinikara». 2022. urtean halako egoerak gertatzea «ulertezina» dela iritzi dio Askabideko arduradunak. MÁS CONVOCATORIAS Según el responsable de la clínica Askabide, grupos de extrema derecha planean seguir persiguiendo a las mujeres ante las clínicas que practican los abortos. En cumplimiento de la ley, los primeros sábados del mes ya se están difundiendo las convocatorias de reagrupación ante las clínicas.