17 MAY. 2022 JOPUNTUA Dotoreziaz ezin da ihes egin Mikel Aramendi Kazetaria Edadetuenok behintzat gogoan dugu oraindik argazki hura. 1975eko apirilak 29. Saigongo Gia Long kaleko 22.eko eraikinaren sabaian pausatutako helikopterora sartzeko jende-ilara, soinean zeramatena ia beste ezer gabe. Estatubatuarrak eta kolaboratzaileak, antza. Amaitu da gerra, eta galdu egin dute. Etsaia hirian sartzen ari da alde guztietatik. “Frequent Wind” ihes-operazioaren ekintzetako bat zen. Mitologiarako geratu da estatubatuar enbaxadakoa dela irudia; ez da, baina berdin-berdin zaio. Norbaitek esan zuen gerra galtzea baino kaltegarriagoa izan zela argazki hura. Tira, gerra galdu ez bazen, ez zen egingo argazkia. Eta ezinezkoa da dotore ihes egitea. Itxuratu, mozorrotu liteke ihesa. Agian, horrexegatik, gutxiagok gogoratuko dute beste argazki-sorta hura, 1989ko otsailaren 15ekoa. Sobietar korazatu-ilara luzearen atzetik, azkena, oinez, Boris Gromov jenerala “Adiskidantzaren Zubia” zeharkatzen, Afganistandik Uzbekistango Termez-erantz. Zubi-erdian, mugan, semea zain. Oraindik gorriak ziren banderak alde guztietatik, eta erromantizismoz jantzitako itxurakeria. Bizpahiru urte geroago, argi geratu zen. Paraje bertsuan, hirugarren ihes-modalitate baten saiakera egiten ari dira orain Bidenen gizonak. «Azkenak itzal ditzala argiak» esamoldeak laburbiltzen bazuen orain arte ihesaren filosofia unibertsala, alderantziz egin nahi izan da oraingoan: itzali argia lehendabizi, eta egin hanka isilik ilunpetan. AEBetako azken hegazkina handik aireratzean jakin da Bagram-eko basea, AEBek atzerrian zuten handiena kasik, Afganistango armadaren esku geratu dela. Zerbaiterako balioko balu bezala. Eta Kabulen 600 bat soldadu amerikar geratzen direla, enbaxada zaintzen. Ikusiko dugu noiz arte. Aliatuek, kontratistek, kolaborazionistek, Afganistango gobernu ofizialak eta «haren» indar armatuek..., nork bere kontuak atera beharko ditu, noski. Argazkirik gabe. Argazkiak argazki, ihesi joatea eta dotorezia gordetzea ez baitira inoiz bateragarriak izan. Alguien dijo que aquella foto fue m��s da��ina que perder la guerra. En fin, si la guerra no se hab��a perdido, no se hubiera hecho la foto. Y es imposible que se escape elegantemente