30 MAY. 2022 «NORMALTASUN MUGETAKO HARRIAK APURTUZ, EUSKARAREN HERRIA ERROTUZ ABUSU IKASTOLA BILBO ETA ARRIGORRIAGAREN ARTEKO MUGAN DAGO. ETA KONDAIRETAN BEZALA, ERREALITATEAN ERE MUGETAN IZATEN DIRA BORROKA SUTSUENAK. ABUSUN 40 URTE DARAMATZATE EUSKALDUN AKTIBOAK SORTZEN. HORREN LEKUKO, ATZOKO IBILALDIRA HURBILDU ZIREN MILAKA LAGUNAK. Amaia EREÑAGA Ibilgailuen trafikoa etenda, garraio publikoan eta oinez soilik irits zitekeen atzo Abusu auzora. Geografikoki Bilbon kokatuta ibaiak egiten duen meandro antzeko batean, inorena ez den eremu gisa irudika daiteke auzo hau. Hiriburutik kanpo, Arrigorriagatik gertu, langile auzo baten baitan. Egun, Abusu parkeen magalean bizi da, ordea, zuhaitzen babesean. Ibaiaren ertz batean dago eraikin ikusgarria, Abusu ikastolaren egoitza nagusia, XVI. mendeko istorio ugariz betetako errota bat: El Ponton du izena. Irin fabrika zahar hura, karlisten gerretan kartzela izan zena, 1997tik inguruko haurren “gerra txikien” lekukoa da. Ondoan, Haur Eskola eta Haur Hezkuntza hartzen duen eraikina dago. Horrek utzitako “zuloa” estaltzeko hartu zuen atzo aurtengo Bizkaiko ikastolen jaia, Ibilaldia, Abusuko ikastolak. Leloa: “Harri, erro, har”. Ikastolan bertan hasten zen prestaturiko lau kilometroko ibilbidea. Eguerditik aurrera, jendetza. Eguraldia lagun, pandemiaren osteko lehen Ibilaldia ospatzekoa zen. Giro paregabea, bai eguraldiagatik, bai eta Bilbora eta Arrigorriagara iritsi zen jendetzaren aldetik ere. Gogotsu ari ziren gozatzen egun horretarako prestatu zen egitarauaz, gune batetik besterako txangoaz, musikaz, dantzaz eta askotariko ikuskizun eta tailerrez. Lana eta parranda Baina nork amestuko zuen 70eko hamarkada hasieran egun ikastolak 700 ikasle izango zituela? Maite bertako irakaslea izan da, haur txikiena, eta gogoan zuen atzo, ondo gainera, nolakoak izan ziren lehen urte haiek. Lokal txiki batetik bestera, egoitza finkorik gabe: La Peñan, gero mugitzeko beharra... «Auzoan mugimendu handia egon da, eta ikastolan ere lan handia egin da. Txiki-txikia zen ikastola eta begira nolakoa den orain». Nabaritu al da ikastolak egindako euskalduntze lan hori auzoan? «Bai, orain hurbildu naiz kaseta batera kamiseta baten bila eta ezagutzen nuen ama batek hitz egin dit euskaraz, eta kanpotarra zen, eta jo eta ke ari zen euskaraz. Eta nik pentsatu dut: Ole Abusu! Ze ondo!». Aitanak 17 urte ditu. «Ni La Peñakoa naiz. 4 urte nituenetik Abusu ikastolan ibili naiz eta, bai, nik auzoa euskalduna bezala sentitzen dut, baina egia da erdaraz gehiago entzuten dela euskaraz baino. Ni hasi nintzenean ikastolan ez zegoen txikien egoitza. Lehen parking bat zegoen eta toki gehiago izateko egin zuten berria. Orain ikastola superhandia da, eta goikoa superpolita da». Komunitate sentimendurik ba al duzu?, galdetu genion: «Nik nire haurtzaro guztia pasatu dut hemen eta azkenean nire bihotzeko parte bat dago hemen». Poltsan Abusu auzoko jaietako edalontzia darama, zintzilik. Parrandarako garaia? «Noski, kontzertuetara goaz». Joseba Barandiaran Abusu ikastolako presidentearekin ibilbidean egin genuen topo. Egin den lan mardulagatik eskertuta, ikastola bigarren lerroa sartzearekin «epe motzean hazi» egin dela esan zuen. «Hori pagatu egin behar da, horri buelta eman, eta, gainera, demografiak ez du laguntzen. Orain 700 ikasle ditugu, baina hemendik aurrera pixkanaka galtzera joko dugu. Hemen 500 familia daude sartuta [gurasoen kooperatiba baita Abusu ikastola], auzokoak asko, baina baita ingurukoak ere. Orain 15 urte, Bilboko erdiguneak soilik zeukan 50 haurrentzako D ereduko eskaintza urtero: orduan hemen daude Zazpikaleetakoak, Bilbo Zaharra, Abusukoak, Boluetakoak, Arrigorriagakoak, Basaurikoak… ibaiaren inguruko eremukoak». Jaiotza-tasaren jaitsierak kezkatzen du Barandiaran. «Guk barne beken sistema bat dugu, familia guztiak ez direlako berdinak. Hau langile auzoa da, erabat, eta ez da berez auzo euskalduna jatorriz. Gure kezka beti hau izan da: zu atzerritarra zara, demagun senegaldarra, bi ume dituzu eta nola iritsiko zara ikastolara? Eta barne beken sistemaz gain, bi gurasoak atzerritarrak badira, baremoak egiterakoan lehentasuna ematen diegu. Ahalegin bat da, aniztasuna irabazi behar dugulako». Une erabakigarria Hezkuntza Lege berria, euskararen erabilera datu kaskarrak eta jaiotzen beherakada hizpide izan ziren atzo. Eta euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko eta horiek hauspotzeko jaia den arren, Ibilaldia aldarrikatzeko jaia ere bada. Atzoko ekitaldian, Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek, esaterako, pandemia garaian euskarak galdu dituen esparruak berreskuratzera dei egin zuen. Asteon Soziolinguistika Klusterrak eginiko kale neurketa gogora ekarriz, adierazi zuen euskararen erabileraren beheranzko joera eten egin dela. Pasatu ditugun bi urte gogor hauek aintzat hartuta, «ez da albiste txarra», esan zuen. «Baina, ikerketa horren beste aldeak erakusten digu euskararen egoerak geldialdian segitzen duela. Ez da atsegina egoera hau. Ikastolak ez ginen sortu euskarak iraun dezan; euskararen egoera iraultzeko jaio ginen, euskaraz egiteko eta euskaraz eragiteko», gaineratu zuen. Bestalde, Paul Bilbaok, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, honela jardun zen: «Gu aspaldian ari gara esaten hizkuntza politikak birpentsatu behar direla, ezin ditugula erantzukizun guztiak komunitatearen esku utzi; alegia, behar ditugu hiztunak, espazioak eta tresnak. Hiru horiek behar ditugu, benetan erabilerak gora egingo badu. Hau da, hiztun osoak egiten ez baditugu, alegia, euskaraz eroso jarduten duten hiztunak, espazioak ez baditugu euskara erabiltzeko eta euskaraz hitz egiteko tresnak ez badaude, nekez egingo dugu gora. Horregatik uste dut oraingo inkestak erakusten duela kristalezko sabaiak apurtu egin behar direla, eta komunitatea prest dago apurtzeko: Korrikan, Herri Urratsen ikusi da… hortaz, erakundeei dagokie orain apurtzea». Hau ez da bukatu, beraz. Abusuk Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolari pasatu zion lekukoa. 2023ko hitzordua, beraz, Ondarroan. «Hurbildu naiz kaseta batera kamiseta baten bila eta ezagutzen nuen ama batek lehen aldiz euskaraz hitz egin dit. Eta pentsatu dut: Ole Abusu! Ze ondo!». «Barne beken sistema bat dugu, eta, bi gurasoak atzerritarrak badira, baremoetan lehentasuna dute. Aniztasuna irabazi nahi dugu».