04 JUN. 2022 Elikadura-nahasmendua dutenak kexu dira Osakidetzak ahaztuta dituela eta Anorexia tratatzeko zein baliabide ditu Osakidetzak? Zerbitzua ez da nahikoa, gaixotasun hau duen Aitziber Samaniegorentzat; Acabe elkarteko Mari Jose Arrutiren ustez, «profesionalak falta dira». Horren isla, Jose Nievasen alaba Lezotik Albacetera joan dela; han dago ingresatuta hemen ez dagoelako unitate bereziturik. Osakidetzak, Psikiatria sailean sartzen ditu paziente hauek, nahiz iaz bakarrik gaitz hauen inguruko 8.800 kontsulta erregistratu ziren. Amaia ZURUTUZA NAIZ IRRATIA Elikadura-portaera nahasmenduen inguruko kontsultak izugarri ugaritu dira Osakidetzan. Pandemia lehertu zenetik, anorexia nahiz bulimia gaixotasunen inguruko kontsultek %72 egin dute gora. Osakidetzak martxoan emandako datuen arabera, elikadura-jokaera nahasmenduei lotuta osasun sistema publikoan egindako lehen kontsultak %62 handitu ziren iaz, 2020ko datuekin alderatuta, eta igoera %72koa da 2019arekin alderatuz gero. 2018an ia 6.000 kontsulta izan ziren; iaz, berriz, ia 8.800. Osasun Mentaleko Sailean jasotzen dute arreta gaitz hau duten pertsonek. Osakidetzak ez du elikadura-nahasmenduei zuzenduriko unitate bereziturik eta Psikiatria Sailean ingresatzen dituzte horretarako beharra duten pertsonak. Kartzela eta infernua Aitziber Samaniego gasteiztarrak, bere esperientzia pertsonalean oinarrituta, Elikadura Portaera Nahasmenduak ikusaraztea du helburu, baita gaixotasun horiei aurre egiteko arreta hobea lortzea ere. NAIZ Irratian azaldu du duela lau urte diagnostikatu ziotela nerbio-anorexia, baina zehaztu du «haurtzaroko egunerokoa aztertuz» konturatu zela txikitatik zetorkiola; «zortzi urte nituela esan nuen jateari utzi behar niola». Hala, «31 urte daramatzat nire kartzela partikularrean», kontatu du. Gaixotasun latza da anorexia. «Infernuan bizitzea da. Anorexiak irribarre egiteko gogoa kentzen dizu, lagunekin egoteko edo seme-alabez gozatzeko gogoa. Gurpil zoro batean sartzen zaitu, janaria, kaloriak eta ariketa fisikoa dira zure lehentasunak. Infernu bat da, hotz egiten du eta zure beldurrak harrapatzen zaitu», deskribatu du. Samaniegok uste du oso zabalduta dagoen gaixotasuna dela. Osakidetzaren datuek hala erakusten dutela dio, «gero eta goizago» ageri dela eta gero eta heldu gehiagok pairatzen dutela gaitz hau. Bere burua «oso gaizki» ikusi zuenean jo zuen medikuarenera Samaniegok. «Ezin nuen ezer jan errudun sentitu gabe; ez banintzen bizikletan bi orduz ibiltzen, izugarrizko antsietatea sentitzen nuen. Hitz batean esanda, ezin nuen bizi». Medikuak Osasun Mentaleko Sailera bideratu zuen gasteiztarra. Diagnostikoa egin eta Osakidetzak gaixo hauentzat martxan duen jantoki terapeutikora bidali zutela azaldu du: «Bertara bazkaltzera joaten nintzen. Gela batean bakarrik egoten nintzen janariz betetako bandeja batekin, ordu erdiz». Gaztearen osasun egoerak, ordea, okerrera egin zuen. Ondorioz, Psikiatrian ingresatu zuten, «helburu bakar» batekin, «pisua hartzea», esan du. Baina ez zuen terapiarik jaso eta ondorioz bere «ideia bakarra» medikuek ezarritako pisua hartzea zen, «berriro etxera joan eta jateari uzteko». Gaixotasun hau zein konplexua eta zaila den erakusten du gasteiztarraren testigantzak. Gaixoek arreta zabala behar dutela gaineratu du: «Terapiarik gabe ezinezkoa da funtzionatzeko modua aldatzea». Osakidetzan bizi izan zuenari buruz argi mintzatu da: «Nire ustez, Osakidetzak ahaztuta gauzka, erabat. Ez du laguntzarik ematen edo ematen duena ez da nahikoa». EAEko osasun sistema publikoa goraipatu ohi dute agintariek eta Samaniegok ere gogoratu du «osasungintzan diru gehien gastatzen duen erkidegoetako bat» dela baina, bere esanetan, gakoa da ez duela unitate espezializaturik, beste erkidego batzuek badutenean. «Premiazkoa da», esan du, «unitate espezializaturik gabe galduta gaude». Ospitalizazio guneak eta ospitaleratzea behar ez den kasuetan egunerokoan gaixotasuna tratatzeko «eguneko zentroak» antolatuko dituen unitate bat; hori eskatzen du, eta horrekin batera «profesional espezializatuak». Hori da osasun sistema publikoaz «bere esperientzian» oinarrituta egiten duen irakurketa. Acabe Anorexiaren eta Bulimiaren Kontrako Elkartearentzat, berriz, esker on hitzak ditu Samaniegok; «elkarteak eta Edgar psikologoak bizitza salbatu zidaten». Hala ere, elkartearen baliabideak mugatuak direla ohartarazi du eta, gaineratu, horregatik erabaki duela borrokatzea; «duintasunez tratatzea merezi dugulako, ez genuke klinika pribatuetara edo beste erkidego batzuetara joan behar». Irtenbidea posible dela uste du, gainera: «Osakidetzak baliabideak ditu; ondo eta sortzen diren behar berrien arabera kudeatzeko besterik ez dut eskatzen». Acaberen funtzioa Osakidetzak elikadura-portaera nahasmendua dutenei eskaintzen dien arretaren berri zehatzago izateko, hain zuzen, Gipuzkoako Acabe elkartera jo dugu. Mari Jose Arruti bertako psikologoak kasuen ugaritzea baieztatu du lehenik; «bai, jende gehiago etortzen da guregana eta Osakidetzan ere laguntza eskaerak nabarmen igo dira». Azaldu du elkarte honek informazioa eskaintzen diela bai gaixotasuna dutenei bai senide eta hurbilekoei. Halaber, hezkuntza arloan gero eta lan handiagoa egiten dute. «Harremana dugu irakasleekin, adibidez; eskoletatik laguntza eske etortzen dira kasuren bat ikusten badute zer egin dezaketen jakiteko». Nagusiki, informazioa eskaini, prebentzioa sustatu eta gaixotasunarekiko sentsibilizazioa bultzatzen du Acabe elkarteak. Gaixotasuna duenak, ordea, tratamendua behar du, noski, eta honi lotuta argi mintzatu da Arruti: «Gu ez gara Osakidetzaren ordezkoa. Ezin dugu zeregin hori gure gain hartu. Elkarte honek ez du hori egiteko azpiegiturarik». Hala, arazoa nabarmena denean Osakidetzara, Osasun Mentaleko Sailera edo arlo pribatura bideratzen dituzte laguntza behar duten pertsonak. Profesional falta Osasun Mentalean, ordea, «profesional falta» dagoela baieztatu du Arrutik. «Gero eta gutxiago daude» eta batzuetan bajak ez direla betetzen baieztatu du. Bere esanetan, gero eta argiagoa da «gabezia», pandemiak areagotu egin du, baina arazoa atzetik datorrela zehaztu du, gaineratuz, dauden profesionalak «onak» direla baina ezin diotela dagoen eskaerari erantzun; «ezin dute gehiago eskaini». Acabe elkartearen eta elikadura-portaera nahasmenduak dituztenen «aspaldiko eskaera» da gaixotasun hauei «baliabide gehiago» bideratzea. Ospitaleratze kasuetan «badaude oheak, baina ez nahikoak»; adin txikikoentzat «zortzi ohe daude». Samaniegok bezala, eguneko zentroen beharraz ere ohartarazi du: «Ingresoa behar ez dutenentzat, edo ingresoa amaitu dutenentzat, jarraipena eta terapia eskaintzeko eta familiekin ere lan egiteko, bitarteko hori falta da». Jangela berezi bat martxan du Osakidetzak baina, Arrutiren esanetan, «ez du oso ondo funtzionatzen, beraiek baietz dioten arren». «Ez dago zerbitzu propiorik», esan du. Bitartean, Osakidetzako arduradunek diote Acabe elkarteak nahiz gaixotasuna dutenek eskatzen dituzten baliabideak ez direla beharrezkoak; «beti horrekin topo egiten dugu; ez direla beharrezkoak esaten dute, zerbitzuak ondo daudela». Alabaina, gabeziak daudela erakusten dute, besteak beste, behar duten laguntza jasotzeko EAEtik kanpora joan behar izan dutenek. «Jendea kanpora joan da laguntza eske; beste leku batzuetan erroldatu dira han zerbitzu horiek ematen dizkietelako. Valentziara nahiz Ciudad Realera joan dira, hemen ez zuten laguntza ematen zietelako han». Lezotik Albacetera Euren herrian behar duten laguntza jaso ezinda, kanpora joan behar izan dutenen artean dago Nagore Nieva Lezoko gaztea. Albaceten ospitaleratuta dago, gaixotasun hauek sendatzeko unitate berezi batean. Jose Nieva aitak NAIZ Irratian azaldu du lau hilabete daramatzala han eta «pixka bat bat hobeto» dagoela; «pixkanaka goaz». 2020. urte hasieran hasi ziren ohartzen alaba «tristeago» zegoela. Psikologo pribatu batengana joan ziren eta anorexia zuela esan zien. «Gero eta gutxiago jaten zuen eta azkenean Donostiako ospitalean ingresatu behar izan genuen», azaldu du Nievak. Hiru hilabete pasatu zituen bertan. Nabarmendu du Gipuzkoan ez dagoela elikadura-jokaera nahasmenak artatzeko zerbitzu espezializaturik eta dagoen zerbitzua «denbora gutxi egoteko» dela, ez «denbora luzez». Alta, denbora behar izaten da, hain justu, gaixotasun honi aurre egiteko. «Pisua hartu zuen, baina ez zuen tratamendurik eta atera zenean berdin zegoen edo okerrago. Ospitaletik sartu eta atera ibili zen sei hilabetez». Azkenean, Osakidetzako psikiatrak berak esan zien Nagorek «unitate berezi bat behar zuela, EAEn ez zegoela halakorik eta kanpoan bilatu behar genuela». Albaceten ingresatu zuten azkenean gaztea. «Osakidetzak berak bilatu zigun lekua», baieztatu du Nievak. Orain, noski, alabak hobera egitea espero du familiak: «Esperantza dugu unitate berezi horretan hobetuko dela. Hemen sei edo zazpi hilabetez egon ginen eta ez genuen ezer lortu». Noski, zerbitzu berezitua hemen izatea nahi luke familia honek: «Hori da bilatzen ari garena. Osakidetzak beti berdina esaten digu, hemen daukagunarekin nahikoa dela, baina jende asko gaude arazo berarekin eta hemen unitate berezi hori behar dugu gure jendea tratatzeko». UNITATE BEREZIA «Osasungintzan diru gehien gastatzen duen erkidegoetako bat da [EAE], baina kontua da ez duela unitate espezializaturik; beste erkidego batzuek bai, ordea. Premiazkoa da», eskatu du Aitziber Samaniegok. KANPORA JOAN Jose Nieva Nagoreren aitak dioenez, «jendea kanpora joan da laguntza eske, eta beste leku batzuetan erroldatu dira han zerbitzu horiek ematen dizkietelako; Valentziara nahiz Ciudad Realera», adibidez. «Hemen ez duten laguntza ematen diete han». EGUNEKO ZENTROAK Eguneko zentroen beharraz ere ohartarazi du Samaniegok, «ingresoa behar ez dutenentzat, edo ingresoa amaitu dutenentzat, jarraipena eta terapia eskaintzeko eta familiekin ere lan egiteko.