17 JUN. 2022 Kulturgileak bat eginik, Hezkuntza Legean euskal kulturaren transmisioa bermatzeko Kulturgileak, Donostian bilduta. (Andoni CANELLADA | FOKU) Maider IANTZI DONOSTIA Agerraldi anitza izan zen kultur eragileek atzo Donostian egin zutena. Euskarazko kulturgintzaren transmisioan gertatu den etena gainditu nahian saretzen ari direla etorri da EAEko hezkuntza itunaren eztabaida, eta, transmisio hori legez bermatzeko eskatzeaz gain, horretan lan egiteko eskua luzatu zuten. Ahotsenea, Bertsozaleen Elkartea, Dantzan, Elkar Fundazioa, Euskal Idazleen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Jakin, Gerediaga... hainbat kultur eragile eta erakunde bildu ziren Paseo Berriko Oteizaren eskulturaren ondoan. Sortzaileak ere bai: Amaia Lasa, Andoni Tolosa Morau, Antton Olariaga, Oihana Iguaran, Beñat Gaztelumendi, Yolanda Arrieta, Joseba Tapia... Aipatu zutenez, azken urte luzeetan ez ziren hainbertze batu dinamika batean. Adostutako idatzian azaltzen dutenez, kultura zabaltzeko moduak aldatu dira, eten bat gertatu da eta hezkuntza arautuak ez du bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berriaren itunaz eztabaidatzen ari dira orain eta kulturgileek unea baliatu nahi dute gaia lehen lerrora ekartzeko. Modu esplizituan. Azpimarratu zutenez, hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa segurtatu behar du eta garrantzitsua da legeak modu esplizituan jasotzea premia hori. Hartu beharreko neurrien proposamen, eztabaida eta adostasun prozesuan parte hartu nahi dute, «euskararen eta kulturgintzaren normalizaziorako estrategikoa» baita hezkuntza arautuaren bidez ere euskal kultura zabaltzea.