GARA Euskal Herriko egunkaria

Kantuda


80ko hamarkadako udako kantez aritu gara lagunartean, hegoaldetik gatozenak ginen gehiengoa eta halakoetan hizketa gaia polarizatzen dugula ohartu naiz, bestalde, ozenago, ia oihuka eta txanda errespetatu gabe ere hitz egiten dugulako, sarri. Espainiako lurretatik etorri zitzaizkigula kanta haiek, eta Frantziatik heldu zirenez gutxi dakigula, hala ohartu naiz Michelek Philippe Lavilen “Elle préfère l’amour en mer” edo Etienne Dahoren «Duel au soleil» aipatu dituenean. Ezjakintasun dezente dudala alde horretarik. Josebak kokatu gaitu, NATO-ri buruzko erreferenduma aipatuz, beraz, 1985, goiz samar enetzat; PSOEk bigarren aldiz eta gehiengo osoz hauteskundeak irabazi zituen urtea, 86a, eta ondorengo urtean izan zela Estatu osoa paralizatu zuen greba orokor bakarra, lan erreformaren kontra. Bitxia iruditu zait urte horiek gogoratzeko politikako erreferentziak erabili izana, baina kultura musikalak horrekin lotura bat izanen zuela pentsatu dut momentu batez. Victor Manuel eta Ana Belenen “La puerta de Alcala”, Georgie Dannen “El africano”, Hombres G-ren “Devuelveme a mi chica”, Los Lobosen “La Bamba” zerrendatu ditu gero. Jokinek Opusen “Live is life”, Madonnaren “La isla bonita”, Michael Jacksonen “Bad”, aipatu dizkio, tendentzia eta entzule desberdinak zeudela argi utziz, eta denon artean Eddy Granten “Gimme hope Jo’anna”, Los Refrescosen “Aquí no hay playa”, Loco Miaren “Loco mía”, Alaskaren “A quien le importa” bota ditugu. Tira, zein oroitzen dituzu zuk?