11 AGO. 2022 Musikaren estatuak Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Estatua, funtsean, beti izango da sakona. Estatuak, funtsean, terroristak dira. Noizbehinka irudituko zaigu polizia onaren jokoa egiten ari dela, baina, funtsean, betiko izaera agertuko zaio, polizia gaiztoarena: estatu sakona, hiltzailea, zapaltzailea eta diskriminatzailea. Etsaiaren eskuetan dagoenean agertzen da estatuaren argazkirik gardenena. Indar aurrerakoien eskuetan dagoenean, zein estatu mota agertuko zaigu? Une batean agian irisi gaitezke pentsatzera badela ongilea den estatua. Borreroak baditu mila aurpegi. Ez dezagun pentsa estaturik adeitsuenak aterako gaituenik ataka estuetatik. Estoldek gainezka egingo dute gure begi aurrean, baina gu garenez adeitsuak estatuarekin, ez ikusiarena egingo dugu. Estoldak izatea da estatuaren izaera. Izan ere, estoldarik gabe ezinezkoa zaio estatuari estatu izatea. Botere hertsatzailearen pentsamendurik adeitsuenak boterean jarraitzea du lehen erreakzioa; berdin dio zer egin behar duen mantentzeko, eta estatuak beti irabaziko du bere gerra, estatua bota nahi duenak ere beste estatu bat jesartzea duelako helburu. Estaturik gabeko aukerak oso urriak dira. Ez dugu pentsamenduetara laburtu behar zapalkuntzarik gabeko egoera ez-hertsatzailearen bila ibiltzea. Honengatik guztiarengatik, estatuek sortzen dituzte terrorismo guztiak. Sortu, hazi eta hezi. Entzun dezagun Kortatu taldearen “El estado de las cosas”.