20 AGO. 2022 Gernika eta 36ko gerrako beste kokapen batzuk memoriaren gune bilakatuko dira Memoria Demokratikoaren Legearekin Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk lortutako akordioak Ezkabako gotorlekua edo La Cumbre jauregia hartzen zituen oroimenerako leku gisa. Elkarte memorialistak, ordea, inbentario osoago bat prestatzen ari dira. Ekitaldia Gernikako hilerrian, iaz, bonbardaketaren urteurrenean. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA DONOSTIA Gernika izango da memoria demokratikoko leku berrietako bat, joan den uztailean Madrilgo Diputatuen Kongresuan legea onartu ondoren, Espainiako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioak bultzatuta. Hasieran, leku oroigarri horietako batzuk ezagutarazi ziren, hala nola Ezkabako gotorlekua, 1938ko ihesaldi tragikoaren agertokia, eta Donostiako La Cumbre jauregia, zeinak GALi lotutako historia duen. Baina zerrenda handitu egingo da elkarte memorialistak, biktimen senideak, autonomia erkidegoak eta beste eragile batzuk prestatzen ari diren katalogo baten bidez. Senatutik igaro eta BOEn argitaratu ondoren irailean indarrean sartuko den arau berriak Estatuko inbentario bat sortzea aurreikusten du, helburu «informatibo, oroimeneko eta didaktikoarekin». Hala, kokaleku berriak jada legean jasota daudenei batuko zaizkie, kasurako, Ezkaba, La Cumbre, Erorien Harana, Madrilgo Hombres Ilustres Panteoia eta egoitza Salamancan duen Memoria Historikoaren Zentro Dokumentala. Arauak dioenez, memoria demokratikoko tokiak izango dira 1936ko uztaileko estatu kolpearen aurkako erresistentziaren, ondorengo gerraren, diktadura frankistaren, erbestealdiaren eta beste eskubide urraketa batzuen ondorioz biztanleriaren «errepresio eta indarkeriarekin» lotutako espazio, higiezin, inguru edo kultura ondare ez-materialak. Emilio Silva Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko (ARMH) presidentearen ustez, askoz gehiago izan beharko lirateke memoria demokratikoko lekuak, hala nola, fusilamenduak egiteko lekuak, legez kanpoko atxiloketa zentroak, kontzentrazio eremu frankistak eta haien presondegiak, torturatzeko lekuak eta agintariek edo senideek ondoren biktimei omenaldia egiteko sortutako lekuak. Silvaren adierazpenak kontuan hartuta, zalantza gutxi dago oroimen lekuen zerrendan Gernika sartzeari buruz. Kondor Legioak bonbardatu zuen frankismoaren zerbitzura, herria suntsituz eta hildako ugari eraginez. Azken ikerketen arabera, 1.645 hildako eta 889 zauritu izan ziren. Eraikinen %70 suntsitu ziren. Elkarteok oroimenerako toki gisa proposatutako Estatuko beste enklabe batzuk jaso ditugu hurrengo lerroetan. «La desbandá» Joan den martxoan, Espainiako Kongresuaren gehiengoak PSOEren ekimen bat onartu zuen, Malagatik Almeriarako errepidea memoria demokratikorako leku gisa izendatzen zuena. Errepide hori 1936ko gerrako errefuxiatuen exodoaren eta La Desbandá gisa ezagutzen den sarraskiaren lekuko izan zen. 1937ko otsailaren hasieran gertatu zen. Tropa frankistak Malaga hartzear zirela, 150.000 pertsonak baino gehiagok Almeriara ihes egin zuten, artean Errepublikaren aldekoen esku baitzen. Milaka lagun hil ziren armada frankistaren eta abiazio militarraren etengabeko bonbardaketen ondorioz, biztanleria zibilak ihesbiderik ez zuen eremu batean, itsasoaren eta mendiaren arteko errepide batean harrapatuta. Belchiteko herri zaharra Belchiteko herri zaharra ere oroimen leku bilakatu liteke. Zaragozako herria 1936ko gerrako borrokaldi gogorrenetako baten eszenatokia izan zen, eta, historialarien arabera, 5.000 pertsona inguru hil ziren hamabost egunean. Abuztuaren 24an hasi eta 1937ko irailaren 6an amaitu zen, Armada Popularrak Zaragozan egindako erasoaren testuinguruan. Gerra amaitu ondoren, Francoren erregimenak erabaki zuen herria ez berreraikitzea, baizik eta aldamenean beste bat sortzea, gaur egun “Belchite berria” esaten zaiona. Horretarako, preso errepublikanoak erabili zituen eskulan gisa, 1.000 gizon inguru. Hurbileko kontzentrazio eremu batean bizi ziren. Herri zaharraren aurriak bere horretan utzi zituzten 1936ko gerraren oroigarri gisa, eta Udalak bisita gidatuak antolatzen ditu bertara. Badajozeko herri zaharra eta San Juan hilerriko hormak Badajozeko zezen plaza eta Extremadurako hiriko San Juan hilerriko hormak ere memoriaren katalogoaren parte izan daitezke; izan ere, bertan, 1936ko abuztuaren 14tik 15era bitarteko gauean, 1.800 eta 4.000 pertsona zibil eta militar hil zituen armadak. Gerrako gertakari odoltsuenetako bat izan zen, eta inoiz ez zen izan ikerketa ofizialik, nahiz eta giza eskubideen zenbait elkartek gizateriaren aurkako krimentzat jo zuten, eta 2007an genozidio gisa salatu Auzitegi Nazional espainiarrean. Salaketa horrek ez zuen aurrera egin, hilketaren arduradun nagusiak hilda baitzeuden ordurako. 1986az geroztik, abuztuaren 15ean, biktimak omentzeko ekitaldia egiten da Badajozeko hilerri zaharrean. Gainera, hiriko etorbide nagusiak orduko alkatearen izena darama, Sinforiano Madroñero sozialista, hura ere exekutatua. 300Algunos historiadores dicen que los nazis de la Gestapo fueron los gestores de cerca de 300 campos de concentraci��n franquistas. Al terminar la guerra, entre 367.000 y 500.000 personas se encontraban en estos campos de refugiados, y el r��gimen de Tambi��n pueden ser declarados lugares de memoria democr��tica.