02 SET. 2022 Euskal jaiak bueltan dira Bi urteko etenaldiaren ondoren, Gipuzkoako hainbat herritan ospatzen diren euskal jaiek ohiko formatua berreskuratuko dute aurten. Ordizian, Zarautzen eta Donostian, esaterako, egitarau zabala prestatu dute datozen egun hauetarako. Badago, beraz, non eta zerekin gozatua. Zarauzko plaza jendez leporaino. (Gorka RUBIO FOKU) GARA ORDIZIA Ordizian iraileko lehen asteazkena izan ohi da azoka berezia eta gazta lehiaketa famatua ospatzeko eguna. Azken bi urteak azokarik gabe eta gazta txapelketa ateak itxita egin ondoren, iritsi da euskal jaien egitaraua bere osotasunean ospatzeko ordua. Horrela, aurten ekintza ugariz betetako astea izango dute Goierriko herri horretan, egitaraua larunbatean hasi (irailak 3) eta hurrengo igandera arte luzatuko baita (irailak 11). Motorrak berotzen hasteko, larunbatean bertan “Emaneurre euskarari” eguna ospatuko da. Kuadrillen arteko herri kirolak eta herri bazkaria daude iragarrita, eta arratsalde-gauerako, berriz, Elizagoien ahizpak, Joxeto ta Alaiak elektrotxaranga eta Gozategi taldearen emanaldiak. Igandean (irailak 4) erretiratuen eguna ospatuko da eta Euskal Astearen egun nagusia asteazkena izango da (irailak 7). Gazta lehiaketaren 49. edizioa ospatzeaz gain, aparteko azoka ere egingo da eta bertan fruitu eta barazkien, euskal oiloen eta piriniotar arrazako behi-azienden lehiaketak egingo dira. Artzain irabazleak nor diren eguerdiko 13.30 aldera jakingo da eta, ondoren, saritutako gazten enkantea egingo da. Iazko enkantean, Zaragozako hotel batek 9.400 euro ordaindu zituen gazta irabazlearengatik. Arratsaldean profesionalen arteko pilota partidak izango dira eta ondoren, herri-kirol jaialdia. Udalak dei egin die ordiziarrei baserritar jantziarekin kalera atera daitezen. Egitarauak datorren ostiralean izango du jarraipena (irailak 9), antzerki emanaldi batekin. Larunbatean (irailak 10) 18 upategitako sagardo dastaketa egingo da eta gauean Huntza taldearen kontzertua izango da. Iganderako, azkenik, Lazkao-Txiki bertsopaper-lehiaketako sari-banaketa eta emakumeen Ordiziako Klasika txirrindulari lasterketaren lehen edizioa daude iragarrita. Zarautzen ere ere normaltasun osoa berreskuratu dute aurten eta egitaraua irailaren 9ra artekoa izango da. Atzo Helduen Binakako Dantza Txapelketa izan ondoren, gaur Bertsolari Gazteen XLVI. Lizardi Sariko finala jokatuko da eta bihar, XXXIV. Aurresku Txapelketa. Larunbatean bertan, ohiko euskararen aldeko eguna berreskuratuko dute eta, AEK-k eta Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) antolatuta, hainbat ekitaldi izango dira egun osoan zehar: euskararen aldeko lasterketak, “Euskaraz bizi malekoian” ekitaldia, bazkari herrikoia, kalejira aldarrikatzailea eta Lukiek taldearen kontzertua. Igandean (irailak 4) Haurren Euskal Jai Eguna ospatuko da egun guztian zehar. Goizez dantzariak, txistulariak eta trikitilariak arituko dira kalez kale eta, bazkalostean, hainbat ekitaldi izango da Iñurritzan. Astelehenean (irailak 5) Bikote Gazteen Dantza Txapelketa izango da; asteartean (irailak 6) “Victoria” itsasontzi zarauztarrak munduari bira eman zioneko 500. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte; asteazkenean (irailak 7) Trikitilari Gazteen XLII. Txapelketa ospatuko da eta ostegunean (irailak 8) Alaken taldearekin plaza-dantzak izango dira eta, horretaz gain, Frantziskotarren elizan, Zarautz abesbatzarekin salbea. Euskal Jai egun handia, beti bezala, irailaren 9a izango da (ostirala), eta goizean goizetik hasiko da txistulari, trikitilari, dultzainero eta Iturengo joaldunen dianarekin. ENKANTEAOrdiziako gazta irabazleek ospe handia hartzen dute, baita enkantean horiek erostea lortzen dutenek ere. Iaz Zaragozako hotel batek erosi zuen gazta erdi irabazlea enkantean 9.400 euroren truke. DANTZAHainbat dantza txapelketa izango dira Zarautzen datorren astean zehar. PUBLIKOAOrdiziako gazta lehiaketa ospetsuak ohiko formatua berreskuratuko du aurten, jendea bertan dela.